Bermeo MESI Master Seriesa, Mendizabal eta Bailorentzat
Erik Mendizabal mutrikuarrak eta Ruben Bailo noaindarrak bi setetan (15-13 eta 15-11) irabazi zuten zapatuan [irailak 5] Aaron Gonzalez de Matauco eta Ekhi Martinez gazteiztarren aurkako finala. Erika Mugartegi eta Laura Rodriguez ere garaipena lortu zuten Lur Lejardi eta Alize Arriagaren aurka: 15-12 eta 15-5.
Argazkia: Bermeo Zesta Eskola Bermeo MESI Master Series txapelketak baditu txapeldunak. Heldu zein gazte, asko izan ziren zapatuan [irailak 5] Artzara hurbildu ziren zesta-punta zaleak: frontoia erdi beteta egon zen Erik Mendizabal mutrikuarrak eta Ruben Bailo noaindarrak eta Aaron Gonzalez de Matauco eta Ekhi Martinez gazteiztarrek osatutako bikoteen arteko finala ikusteko. Kirol ikuskizun ederra eskaini zuten laurek, baina Mendizabal eta Bailo izan ziren txapela eskuratu zutenak.
Abuztuaren 29an hasi zen txapelketaren final handiagaz batera iritsi zen emakume puntisten txanda ere. Izan ere, Erika Mugartegi markina-xemeindarrak eta Laura Rodriguez noaindarrak Lur Lejardi eta Alize Arriaga markina-xemeindarren aurka jokatu zuten neurketagaz eman zioten arratsaldeari hasiera zapatuan. Norgehiagoka hasi aurretik Bermeoko Zesta Eskolako umeek harrera egin zien eguneko protagonista guztiei.
Eguneko lehenengo garaipena Mugartegi eta Rodriguezek osatutako bikote gorriarentzat izan zen, bi setetan nagusitu baitziren: 15-12 eta 15-5. Partida serioa jokatu zuten laurek, baina Mugartegik hasieratik menperatu zituen urdinak pilotak indarrez atzera botata. Bere bikotekidea ere “oso seguru” ibili zen, eta bikote markina-xemeindarrak “joko polita” erakutsi bazuten ere, ez zuten aurrea hartzerik izan.
Arriagak errebotez pilotakada jasotzearen ondorioz, behartutako atsedena izan zuen partiduak baina, minutu batzuk igarota, jokatzen jarraitzeko gai izan zen atzelaria. Bermeoko Zesta Eskolako ordezkariek puntistek erakutsitako “maila ona” azpimarratu dute.
Parekatuagoa izan zen gizonezkoen arteko lehia baina, halere, Mendizabalek eta Bailok bi setetan eskuratu zuten garaipena: 15-13 eta 15-11 . Txapeldunak “oso seguru” kantxaratu ziren, defentsan gogor eta ia pilotarik galdu barik. Emakumezkoen partiduan bezala, pilotak atzera botatzeko estrategia jarraitu zuten, hasieratik bukaerara Martinez kargatuz. Atzelaria pilotak jasotzen txukun aritu bazen ere, ez zen zen markagailua irauli ahal izateko nahikoa izan.
Balorazio positiboa.
Bermeo MESI Master Seriesaren “balorazio postiboa” egin dute antolatzaileek; izan ere, iaz egun bakarreko lehiaketa egin zuten, aurten, berriz, hiru hitzordukoa: “Bermeoko Uria eta txapelketa lotzen ditugu normalean baina aurten ez; lehen jardunaldia Bermeo Uriaren asteburu berean egin genuen, baina lehen aldia da Master Seriesa egiten duguna, egun bakarrekoa ez den txapelketa egiten duguna”.
Etorkizunera begira, helburua txapelketak “egin, luzatu eta hobetzea” dela azpimarratu dute Bermeoko Zesta Eskolatik: “Daten inguruan agian hausnarketa egin behar dugu; beste data batzuk aukeratu, beranduago ipini, emakumezkoen partida gehiago sartu… Ikusiko dugu txapelketa egokituko dugun, baina balorazioa ona da”.