luntzarrera Nabarnizko III. Mendi Igoera egiteko batuko dira domekan
Ekintzaz beteriko hilabetea dute aurretik nabarniztarrek; hasteko, astelehenean [irailak 7] Andra Mari jaiei ekin aurretik, Nabarnizko III. Mendi igoera egingo dute domekan [irailak 6].
Elexaldeko plazan ipini du udalak hitzordua, 09:00etan, “zailtasun gutxikoa” izango den ibilbidea denek elkarrekin egiteko: “Gutxi gorabehera 6 edo 7 kilometroko ibilbidea izango da, eta 10:30 aldera ailegatuko gara tontorrera”.
Tontorrera heltzean, ikurrinari eta Illuntzar mendiari berari omenaldia egiteko tartea hartuko dute: “Haizeak eta eguraldi kaxkarrak ikurriña apurtzen dute beti eta, horregatik, igoera zaharra kendu eta berria ipintzeko aprobetxatzen dugu. Aurten ere guztiz apurtuta dago, hariak aterata, eta aldatu egingo dugu”. Omenaldia amaituta, indarrak berreskuratzeko hamaiketakoan batuko dira Mandalesteko zelaian. Jan-edanagaz jarraitu eta gainontzeko herritarrekin batzeko, Joseba Urrutiak alaitutako trikipoteora batuko dira mendizaleak 12:30ean.
Lehenengo urtean harrera “polita” izan zuen mendi igoerak; iaz baina, eguraldiaren ondorioz behera egin zuen parte hartzaile kopuruak. Aurten zer espero ez badakite ere, “iazkoa baino hobea” izango dela uste dute