Bete-betean datoz Andra Mari jaiak
Tradizioz betetako egunak ospatuko dituzte Muxikako Gozorikan, Muruetan eta Nabarnizen Andra Mari jaietan.
Busturialdeko herriak girotzera datoz aurten ere Andra Mari jaiak. Jai giroa ziurtatuta egongo da han eta hemen, eta datozen egunetan festak ez du etenik izango Muxikako Gorozikan, Muruetan eta Nabarnizen. Txapelketa, musika eta jan-edanez betetako egunak izango dira.
Gaur [irailak 4] hasiko dira jaiak Muxikako Gorozikan, txupinazoa botatzearekin batera, eta ondoren, mus txapelketa lehiatuko dute. Bihar [irailak 5] zesta punta eta esku pilota partidekin hasiko dute eguna auzoan, eta ostean, herri bazkarian batuko dira auzotarrak. Trikitilariek eta su artifizialek ere ez dute hutsik egingo, eta domekan [irailak 6], berriz, umeen jolasek hartuko dute protagonismoa. Andra Mari egunean [irailak 8], ordea, egun guztiko egitarauagaz gozatzeko aukera izango dute auzotarrek. Mezagaz eta hamaiketakoa janda emango diote hasiera egunari, eta ohi bezala, arratsaldean briska txapelketa egongo da.
Nabarnizen ere sei eguneko jaiak antolatu dituzte andramarietarako. Astelehenean emango diote hasiera, 19:30ean botako duten pregoiagaz, eta ostean, bakailao janean batuko dira guztiak. Hurrengo egunean, martitzenean, ume, gazte zein nagusiek gozatzeko egitaraua egongo da: meza, hamaiketakoa, triki-poteoa, magia ikuskizuna eta umeen jolas parkea. Halere, zapaturako gordeko dituzte indarrak nabarniztarrek; izan ere, goizean goizetik herri bazkaria egingo dute, eta mozorrotuta joateko deia egin diete herritarrei. Gainera, irailaren 7ra arte egongo da bazkarian apuntatzeko aukera.
Arratsaldean, umeen jolasak egongo dira, baita Hamarrabakas txaranga ere. 22:00etan emango diote hasiera kontzertuei, eta Streetwise, Gautegun eta DJ Arene igoko dira oholtzara. Domekan emango diote amaiera jaiei, herri kirol erakustaldiagaz eta esku pilota jaialdiagaz.
Muruetan ere irailaren 8an hasiko dira Andra Mari jaiak, herriari eskainitako ohorezko aurreskuagaz. Herri kirolak, txapelketak eta musika uztartuz pasatuko dituzte egunak herritarrek. Gainera, Gernikako Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteko jokalarien artean lau partida jokatuko dituzte, eta ondoren, Aitor Etxebarria eta Gaizka Karregal elkarren aurka ariko dira. Eguaztenean, gainera, Julen Axperen Furgonologo komedia saioa ere egongo da.
Irailaren 12a norgehiagokaz betetako eguna izango da: paella txapelketa, tortilla txapelketa eta briska txapelketa. 22:00etatik aurrera, berriz, Txapela Brava taldearen txanda izango da.
Hurrengo egunean amaituko dituzte jaiak. Jaietan egunero legez, mezagaz hasiko dute eguna eta jarraian euskal dantzak ikusi eta bertso saioaz gozatzeko aukera egongo da. Umeen jolasak eta goitibeherak tarteko, mus txapelketaren ostean agurtuko dituzte jaiak muruetarrek.