Memoria historikoa eta argazki zaharrak gogora ekartzeko proposamen bikoitza
Domekara (irailak 6) bitartean Kanalako Gizartetxean egongo da Sukarrieta Gogoan deituriko proposamen bikoitza: alde batetik, 'Sukarrieta eta Kanalako Emakume Errepresaliatuak' erakusketa dago ikusgai; bestetik, 'Kanala eta Sukarrietako argazki historikoak' erakusketa.
Memoria historikoak eta XX. mendean emakumeek izandako zereginen aintzatespenak aurrera egiten dute Sukarrietan. Hala, abuztuaren 30era arte Sandinderi Aretoan egon den Sukarrieta Gogoan erakusketa Kanalako Gizartetxera mugitu dute: domekara (irailak 6) arte egongo da erakusketa bisitatzeko aukera, arratsaldeko 18:30eatik 20:30eara bitartean. Erakusketak esangura bikoitza du, gainera. Izan ere, alde batetik, uztailaren 25ean inauguratutako Sukarrieta eta Kanalako Emakume Errepresaliatuak erakusketa dago ikusgai; bestetik, ordea, Kanala eta Sukarrietako argazki historikoak deiturikoa.
Gerra Zibilean eta Gerra Ostean Errepresaliatutako Sukarrieta-Kanalako Emakumeak Ezagutaraztea izeneko proiektuaren helburua “udalerrian eta inguruan bizi izan ziren emakume horien historia berreskuratzea eta gizarteratzea” dela nabarmendu dute, ze, elkartekideen arabera, Sukarrieta eta Kanalako “gutxienez hamaika emakumek” pairatu zituzten kartzelaldia eta errepresio politikoa. “Gaur egun hilda daude guztiak, baina haien senideetako batzuk oraindik herrian eta inguruko komunitateetan bizi dira. Beraz, emakume hauek gure komunitatearen memoria kolektiboan irauten dutela erakutsi nahi dugu”, azaldu dute.
Susana eta Celia Arrasate Abendaño, Elena Bajineta Ortuondo, Nikole Atxikallende Iturri, Madalen Tribisarrospe Asteinza, Juana Algorta Olaeta, Jesusa eta Carlota Urrutxua Urizar, Maria eta Abelina Portugalete Zarandona eta Salvadora Arrasate Zarrabeitia dira erakusketaren protagonistak, batik bat, eta bakoitzaren historia kontatzen duten panel eta argazkien bidez, memoria historikoaren aldeko ariketa egitera animatzen digu Sukarri Elkarteak.
“Pozik eta hunkituta” agertu dira elkartekideak erakusketa izaten ari den erantzunagaz: “Jendeak zoriondu baino ez gaitu egiten. Askotan informazio hau lortzea zaila dela esan digute askok, eta guk modu bisual eta errazean erakustea asko eskertzen dute. Jendearen harrera onak elkartekideok egindako lan astunak balio izan duela sentiarazten digu. Hunkituta gaude, benetan, jendearen erantzunagaz”. Gehitu dute erakusketa beste toki batzuetara mugitzeko prest daudela, eta erakusketaz gain, bestelako hitzorduak finkatzeko ideiak ere airean dituztela: hitzaldiak, hezkuntza zentroetara bisitak, etabar.
Argazki historikoak
Bestalde, errepresioaren biktimei eskainitako zutabearekin batera, erakusketak bigarren dibulgazio-alderdi bat eskaintzen du, Kanala eta Sukarrietako Argazki Historikoak atalaren inguruan antolatuta. “Artxibo bisual zaindua” da, eta hainbat gairi buruzko irudiak biltzen ditu: eguneroko bizitza, kostaldeko lana, auzokoen ohiturak eta bi hiriguneetako itsas eta landa-paisaiaren bilakaera. Jaime Orueta Sukarrietako alkatea ari da “kontu eta mimo handiz” erakusketa osatzen.

‘Kanala eta Sukarrietako argazki historikoak’ erakusketa.
Ekimen bateratua Sukarrietako Udalak eta Sukarrik (Sukarrietako eta Kanalako Emakumeen Elkarteak) antolatu duten arren, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Kohesio eta Berdintasun Sailaren babesa daukala nabarmendu dute Sukarriko kideek, beraien esker ona adierazteagaz batera.