Lantalde eta babesle berriaren lehenengo garaipena
Inversus Gernikak denboraldiaurreko lehen garaipena lortu du, Basket Landesen etxean. Franky Garciak Lucas Fernandezen lekukoa hartu du taldearen gidaritzan; klubak zarratuta du 11 jokalariko lantaldea.
Babesle, lantalde eta ilusio berrituekin, Inversus Gernika Bizkaia izena edukiko du aurrerantzean Gernika KESBen emakumezkoen lehen taldeak. Franky Garciak Lucas Fernandezen tokia beteko du 2026/2027 denboraldian, eta taldeak Emakumezkoen Endesa Liga eta Erregina Kopa edukiko ditu jomuga.
11 jokalariz osatutako multzoa josi du lantalde teknikoak: bost joandako denboraldian taldean ibilitakoak eta beraien hitzarmena berritutakoak dira; sei, berriz, aurpegi berriak izango dira aurten. Ane Olaeta kapitain gernika-lumotarrak etxeko taldearen koloreak defendatzen segituko du, eta alboan edukiko ditu Angela Salvadores, Joy Adams, Esther Matarranz eta Aaronette Vonleh. Fitxaketei dagokienez, taldera azken sartu dena Lara McSpadden australiarra izan da; gainontzeko jokalari berriak Sam Galanopoulos, Elena Bosgana, Seehia Ridard, Estel Puiggrós eta beheko mailetan Gernika KESBen elastikoa jantzitako Irune Orio dira.
Estreinaldi itxaropentsua.
Taldea denboraldia hasi orduko prestakuntzetan buru-belarri dabil egun, lehiaketa ofizialari heldu orduko. Prestakuntza fase horren lehen azterketa, baina, jokatua dute honezkero: astelehenean [abuztuak 31], Basket Landes taldearen aurkako lagunarteko partidua jokatu zuten, etxetik kanpo. Maila ona kantxaratuta, markagailua lagun izan zuten Malostekoek: 55 eta 72 nagusitu ziren. Orain, aurkari berberaren kontra eta etxean nahiz etxeko zaleen aurrean beren maila erakustea tokatuko zaie: zapatu honetan [irailak 5], Malosten jokatuko dute bigarren lagunarteko neurketa.
Gernikak oraindik azken xehetasun edo ñabardurak lantzeko astia edukiko du, liga erregularra urriaren 3an ipiniko baitute abian; ligaren lehen itzulia abenduaren 29an biribilduko dute. Orduan argituko da Erregina Kopa jokatuko duten taldeak zeintzuk izango ote diren.