Herriko jaiei agur ezin hobea emanez
Asteburuaz geroztik gautegiz arteagarrak Antolin Deuna jaietan murgilduta aritu dira, herriko jaiak denetariko ekintzaz betez. Gaur dute egun handia, halaber: San Antolin eguna giro apartean gozatuz esango diete agur jaiei.
Iragan eguenean [abuztuak 27] Artiako Gazte Asanbladak antolatutako Gazte Egunagaz Antolin Deuna jaiak goi-goitik hasi ostean, festa giroa asteburu guztian zehar mantendu dute Gautegiz Arteagan; horren erakusle dira, besteak beste, zapatuko [abuztuak 29] tortilla txapelketak eta atzoko [abuztuak 30] goitibehera jaitsierak izandako erantzuna. Baina, Gautegiz Arteagako jaiak ez dira hor mugatzen, ze, gaur dute egun handia: San Antolin eguna.
Hori horrela, goizean piztu dute herritarren jaiei agur esateko egun borobilaren sugarra, eta iluntzera bitartean mantenduko dute bizirik. Txistulariekin batera San Antolin ermitara igoera eginda hasi dute, urtero bezala, gaurko eguna, ostean meza nagusia entzuteko. 14:00etan baina, beheranzko bidea hartu dute, jaitsiera herrikoiagaz. Musika, euskal dantzak eta giro herrikoia izan dira nagusi jaitsieran, ohi bezala. Aurten, baina, omenaldirako tartea ere hartu dute, eta Montorre eskolan hogei urtez lanean aritutako Garaipen Otazuaren lana aitortu dute gaur egungo eta lehengo ikasleek.
Arratsaldean, ordea, frontoia izango dute topaleku, ume eta profesionalen partiduak barne hartuko dituen pilota jaialdia antolatu baitute: Zabala-Morgaetxebarria eta Murua-Aranguren bikoteak aterako dira kantxara.
Azkenik, Antolin Deunaren jaiei datorren urtera arte agur esan beharra goxotzeko, txokolatada izango dute aukeran, iluntzean.