MESI Master Series txapelketak baditu finalistak
Zapatuko (abuztuak 29) finalerdiak irabazita, Erik eta Bailo eta Aaron eta Ekhi izango dira datorren zapatuko final handian txapelaren alde lehiatuko diren puntistak. 20:00etan emango diote hasiera MESI Master Seriesaren finalari, Bermeoko Artza frontoian.
Zapatuko jardunaldiko bigarren partidaren hasiera. Argazkia: Bermeoko Zesta Eskola. Bermeoko Artza udal pilotalekua puntistarik onenen bila dabil asteotan, Bermeo MESI Master Series txapelketaren baitan. Izan ere, bi data zehaztu zituzten abuztuaren 24ean Bermeon egindako aurkezpenean: alde batetik, zapatuan jokatu zituzten finalerdiak; bestetik, irailaren 5ean izango den final handia. Hala nola, lehen jardunaldiarekiko aurreikusitako puntisten zerrendan “aldaketaren bat zein beste” izan dituztela nabarmendu dute Bermeoko Zesta Eskolaren arduradunek: “Lesioak direla medio, kartelean aldaketak izan ditugu, eta zapatuan jokatutako partiduetako puntistetako batzuk hasieran aurkeztutakoekin aldertauz desberdinak izan dira”.
Batik bat, Xabi Arrasatek eta Ortzi Ardazabal Argoitiak osatutako bikoteak Erik Mendizabal eta Ruben Bailo izan zuten aurkari. Julen Basterra Txanika eta Oier Kanpandegi, ordea, Aaron Gonzalez eta Ekhi Martinezen aurka neurtu ziren. “Giro ona” nagusitu zela adieraziz, Erik eta Bailo eta Aaron eta Ekhi izango dira datorren zapatuko final handian txapelaren alde lehiatuko diren puntistak. FinalarI ekin aurretik, gainera, emakumezko puntisten txanda ere iritsiko da Bermeoko Artza frontoira: Erika Mugartegik eta Laura Rodriguezek Lur Lejardiren eta Alize Arriagaren aurka jokatuko dute.
Bermeoko Zesta Eskolako arduradunek azpimarratu dute “Andra Mari eta Santa Eufemia jaietarako motorrak berotzeko plan ezin hobea” izango dela zapatuan, Bermeoko Artza Frontoian. Oro har, finala izanik, “giro berezia” espero dute, eta herritarrei animatzeko deia egin diete. Sarrerei dagokienez, esan dute 10 euroko prezioa edukiko dutela, eta aurretiaz erosi gura dituztenentzako deia airean da dagoeneko, Internet bidez egin baitezakete hori.