Gerran hildakoen omenaldiak errepresioa jasandako familien bizipenak uztartuko ditu
Irailaren 13an, mundakarrek urteroko lore eskaintza eta omenaldia egingo diete 36ko guduan eraildako Alejandro Mallona eta Marcelino San Antoni. Udala, gainera, errepresioa pairatutako familien bizipenak jasotzen ari da, eta herritarrek beren ekarpenak egin ditzakete, hurrengo astelehena [irailak 7] bitartean.
Iraila heltzeagaz batera, Alkate Mallona parkea memoriagune bihurtu ohi da. Faxismoak 36ko gerra sasoian eraildako Alejandro Mallona eta Marcelino San Anton mundakarrak omentzen dituzte urtero, aldi hartan hildako herritarrak gogoratzeaz gain. Aurtengo memoria jarduera, baina, are bereziagoa izango da. Izan ere, urtero modura, irailaren 13rako ipini dute biltzeko hitzordua, baina, hori orduko, udala frankismoaren errepresioa jasandako familien bizipenak biltzen ari da.
Memoria amatatu ez dadin, udal ordezkariek herriko familiei beren “bizipenak eta ekarpenak egiteko” deialdia luzatu diete; irailaren 7ra arteko epea dutela aurreratu dute. Herritarrek, horretarako, bide bi edukiko dituzte aukeran: alde batetik, 946 17 72 00 telefono zenbakira dei eginda; bestetik, harrera.mundaka@bizkaia.org posta elektronikora idatzita.