Itsas Adarreko hesiak bere horretan dirauen egun bakoitzeko, "5.000 eurora arteko isuna" jaso dezake udalak
Zain Dezagun Urdaibairen salaketa baten ondorioz, Kosta Demarkazioak Busturiko Udalari jakinarazi dio Itsas Adar zelairako metalezko hesia kendu behar duela, eremu hori zarratzeko "eskumenik ez duelako". Udalak eguaztenera arteko epea du, hesia kentzeko; osterantzean, egun bakoitzeko "1.000 eta 5.000 euro arteko isuna" jaso dezake.
Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demgrafrikorako Ministerioaren Kosta Demarkazioak Busturiko Udalari isuna jar diezaioke, Urdaibai Biosfera Erreserbako domeinu publikoko eremu natural batera “libreki eta doan” sartzea galarazten duen metalezko hesi bat jartzearren. Iragan barikuan [abuztuak 21] jakitera eman zutenez, Kosta Demarkazioak “bost eguneko epea”, alegia, eguazten honetara bitartekoa, emango dio udal gobernu taldeari, hesi hori kentzeko.
Kenduko ez balu, udalak 1.000 eta 5.000 euro arteko isuna jasoko luke, hesi horrek egun dagoen lekuan egiten duen “egun bakoitzeko“. Demarkazioaren isuna Zain Dezagun Urdaibai plataforma ekologistaren salaketaren fruitu da. Zehazki, Itsas Adar udalerriko futbol zelaigunearen sarreran dago kokatuta hesia, Axpe auzunean. Plataformakideek argitu dute udalak hesia oztopo argia dela “itsas-lur domeinu publikokoa” den eremura pasatzeko, eta udalak “ez duela eskumenik” hura bertan uzteko. Kosta Demarkazioak udalari idatzi bat bidali dio, eta bertan zehazten da Kosten Legeak ez direla onartzen “itsasora aterabidea galarazten” duten “obrak edo instalazioak”; pasabide publikoak oztopatzea arau urratze “larria” dela adierazten du dokumentu horrek.
Zain Dezagun Urdaibaik helarazitako salaketak, bestalde, “gaueko argiteria, itsasora isuriak, kutsadura akustiko edota futbol zelaiko txiringitoaren emakida” aipatzen ditu. Demarkazioaren eskakizunak, momentuz, hesiari baino ez dio erreferentzia egiten. Edozelan ere, Zain Dezagun Urdaibaitik Demarkazioaren erabakiarekin “bat datozela” adierazi dute, udala apurka-apurka publikoa den eremu horren “jabe egiten” joan dela azpimarratuta: “Lehen jendeak zelaiari bira ematea ahalbidetzen zuen hesi txikia zegoen; orain, pasabidea itxi gura dute“. Halaber, hesiaren auziaz harago, plataformatik eskatu dute Urdaibaiko txoko horretan egiten ari diren “irregulartasun guztiak aztertzeko”.