Turismoaren ertz guztiak ulertzeko gida historikoa
Sukarrieta ardatz hartuta, Jose Angel 'Txato' Etxanizek 'Sukarrieta-Pedernales. Un singular espacio de veraneo' izeneko lana ondu du, eta datorren barikuan [abuztuak 28] aurkeztuko du, Sukarrietan bertan.
Gernikazarra Historialari Taldeko kide den Jose Angel Txato Etxaniz inbestigatzaile gernika-lumotarra turismoaren (bereziki uda aldikoaren) jatorriaren eta bilakabidearen inguruan ikerketa lan gehien egin duen historialarietako bat izango da, eta oraingoan Sukarrietan zentratu ditu indarrak, bere azken lana tarteko: Sukarrieta-Pedernales. Un singular espacio de veraneo izeneko lana ondu du Etxanizek, El Mariachi argitaletxearen eskutik kaleratu duena.
Lekeitio moduko beste gune batzuekin batera, Sukarrieta turismoaren gune “historiko eta esanguratsuetako bat” dela aditzera eman du. Azterlariak erromatar sasoian ipini du lanaren abiapuntua, bereziki, Portuondo inguruan dauden arrasto arkeologikoak aintzatetsita, I. mende amaieratik IV. mendera arteko informazioa ematen dutenak. 1825ean zabaldutako El Parador izeneko espazioari buruzkoak ere landu ditu: “Itsas uretako bainuaz lehenengo gozatu gura zutenentzako lehen guneetako bat izan zen, orduan itsasoko ura moda terapeutikoa zelako, eremu Atlantikoan hasi eta Kantauriko Hegira arte”. Hala, Bermeo edo Mundakagaz batera, Sanmikole, Abiña eta Kanalako Arbei, Iturpe eta Solabe hareatzak “turismogune” bihurtu ziren.
Gudu karlisten ondoren, Allendesalazartarrek “puri-purian” jarri zuten Sukarrietako turismo eremua, “prestigiodun elite sozialari” hurreratu baitzion, besteak beste, harainoko trenbidea sustatuta. 1893an iritsi zen burdinbidea Sukarrietara, eta urtebete beranduago erosi zuen Padro P. Gandarias y Naveak Txatxarramendi irlako orubea, bertan hotel-bainuetxe erabat elitista eraikitzeko. Klimatoterapiak, eoloterapiak eta helioterapiak zekartzaten onurak oinarri hartuta, Sukarrietak “ehunka eta ehunka kanpotar” hartu zituen, haietako asko “oso ospetsuak”.
Turismo eredu haren gainbehera eta turismo eredu moderno “eta demokratikoagoaren” gorakada 1920ko hamarkadan hasi zen: “20ko hamarkada zoriontsuan”: “Aldi hartan, hondartzak geroz eta gehiago erabiltzen hasi ziren; haiekin batera, turistek aisi, gastronomia eta ostatu eskaintza eskatzeari ekin zioten. Aldi hartakoak dira El Paco edo Ramona, adibidez”. Arriskuez ere mintzo da Etxaniz, bere lanean: “1902tik 1964ra artean, Galdakaon ekoizten zen dinamita itsasoz saltzen zen; hortaz, dinamita kargamenduak Sukarrietatik igarotzen ziren erregularki”. Bigarren Errepublikaren sasoian, oporraldiaren “eboluzioak eta gorakadak” herria hauspotu zuten, baina, 1936ko gerra hasi bezain pronto, jarduera hura guztia errotik gelditu zen, eta “eraikitzeko daogen historiaren beste zati bat” zabaldu.
Aurkezpena, hilaren 28an.
Etxanizek, udalaren babesagaz, bere azken obraren aurkezpen agerraldia egingo du gaur zortzi [abuztuak 28], Sukarrietan; 19:00retan ipini dute hitzordua, Ander Deunaren parrokian, doako sarreragaz.