Euria erruz eta bertsoak erraz
Aitor Etxebarriazarragak, Ibai Amillategik, Nerea Ibarzabalek eta Maialen Lujanbiok bertso saio ederra eman dute Ibarrangeluko Elizalden.
Argazkia: Ibarrangeluko Udala. Egunotako sargoriaren ostean, atzoko [abuztuak 20] euriaren esperoan egon dira herritarrak, baina baita goi mailako bertsolarien azken urteotako topaketa bereziaren zain ere. Zerutik lurrerako euri tantek ez zuten geldiarazi Aitor Etxebarriazarraga eta Ibai Amillategi Lilibertso Bertso Eskolako kideen ideia eta errima uriola; gernika-lumotar biek saio aparta eskaini zuten, 20:00retan hasita, Elizalden, udaletxeko arkupean. Gainera, goi mailako beste bi bertsokide izan zituzten aldamenean: Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra eta Maialen Lujanbio hernaniarra.
Ander Elortegi gai-jartzaile gernika-lumotarraren denetariko gaiei ederto erantzun zieten lau bertsolariek: umorez, batzuetan; kritikaz, besteetan; bi aldeak uztartuz, maiz. Taularatu zituzten gaien artean, besteak beste, turismoa, gazteen deskonexioa, puritzen ari diren stand-up bakarrizketa eredu baztertzaileak edota ur eskasiagaz zein turismo eredu basatiagaz erlazionaturikoak nabarmendu ziren.

Argazkia: Ibarrangelu Udala.
Udalak antolatu duen udako laugarren bertso hitzordua izan da aurtengoa, baina, seguru antzean, ez da azkena izango: arkupea jendez lepo agertu zen, hala barrualdea, nola Elizaldeko plaza. Horrenbestez, hain ondo funtzionatzen duen formatuak aurrerantzean ere bidea egiteko osagai guztiak bilduak ditu.