Eskualdeko tximeleta urdinak, Espainiako Txapelketan hamargarren
Urdaibai Blue Butterflies-en emakumezko kadeteek Euskadiko Txapelketa irabazi dute, eta Espainiakoan meritu handiko hamargarren postua eskuratu.
Argazkia: Urdaibai Blue Butterflies. Urdaibai Eskubaloi Taldearen lehiaketa denboraldia pista barruan oinarritzen den arren, hondartzako harearen gainean ere badakite lehiatzen, eta zelan lehiatu, gainera. Duela bospasei urte sortu zuten taldearen barruko hondartzako eskubaloi sekzioa, Urdaibai Blues Butterflies izenekoa, eta, lanaren lanaz, emaitza erabat azpimarragarriak lortu dituzte, tartean, emakumezko kadeteen lantaldeak berriki Laredon (Kantabria) poltsikoratutako Espainiako Txapelketako hamargarren postua.
Nagusi mailako jokalariekin ipini zuten abian Urdaibai Blue Butterflies, baia, denboraren poderioz, taldea hazten joan da, eta egun ia 90 jokalari daude sekzio horretan jokatzen: emakumezko kadeteen hiru talde dituzte, gizonezkoen bat, gizonezko gazteen beste bat eta bai gizonezkoen, bai emakumezkoen nagusi talde bana. Taldea sasoiko dago, lanaz eta emaitzez gozatzen, eta oraindik hobekuntzarako edo progresiorako “aukera pila bategaz”, lantaldearen ordezkaritzak azaldu duenez.
Euskadiko Txapelketan bete-betean murgilduta ibili dira uda honetan; Zumaian, Plentzian eta Getxon aritu dira, hurrenez hurren, ekainaren 7an, 14an eta 21ean. Emakumezko kadeteen taldea, hain zuzen, hirugarrena izan zen Zumaian; Plentzian irabazle suertatu zen; Getxon, ostera, bigarren postua lortu zuen. Emaitza horiek Euskadiko txapeldun izatera eroan zituen, baita Espainiako onenen arteko zirkuiturako txartela lortzera ere. Hain zuzen, Arena 1000 izeneko zirkuitu horretako hitzordua Cadizen (Andaluzia) eduki zuten, uztail erdian.

Argazkia: Urdaibai Blue Butterflies.
Jokatu ez ezik, oso lehiakor azaldu zen eskualdeko taldea, eta final-zortzirenetarainoko bidea urratu ahal izan zuen. Hori bai, lehia hartan aritzeko sailkatzeak eta Cadizko Arena 1000en borrokatzeak Espainiako Txapelketarako sailkapena ahalbidetu zien; hura Laredon jokatu zuten. “Ez genuen txapelketarako zuzeneko sailkapena lortu; lehenik sailkapen partida bitan borroka egin behar izan genuen, eta hain ondoren eskuratu genuen Laredon lehiatzeko aukera”.
Espainiako Txapelketa “gogoangarria eta berezia” izan zen, lehen unetik aurkari gogorrak eduki baitzituzten aurrez aurre. Taldekako fasean, lehendabizi, Rosé kantabriarren kontra jokatu zuten, eta, ondoren, Marni-Nou Racó valentziarren aurka. Bien ala bien aurkako azterketak garaipenez gainditu zituen Urdaibai Blue Butterflies-ek, eta lehiaren final-zortzirenetara sailkatu ziren.

Argazkia: Urdaibai Blue Butterflies.
Jarraian, Azuqueca andaluziarren aurka jokatzea egokitu zitzaien. Hain aurkakoan “ihes egin zien” garaipenak, baina Espainiako Txapelketan hamargarren postua ziurtatu zuten, “eta ez da gutxi”: “Espainiako Txapelketan jokatu dugun estreinaldia izan da, klubeko partaide batek ere ez baitu tankerako txapelketa bat lehiatu. Beraz, oso pozarren itzuli ginen Laredotik, eta maila handia dugula frogatu genuen”. Gainera, kadete maila izanik, hobekuntzarako “bide handia” dute oraindik: “Jokalari gazteak dira, modalitate honetan jokatzea biziki maite dute, eta ikasten segitzeko gogotsu daude. Hiruzpalau jokalari Euskal Selekzioagaz aritutakoak dira; horrek maila orokorraren berri ematen du”.
Hain zuzen, azpimarratu dute orain arte “Euskadiko edozein taldek” Espainiako Txapelketan lortu duen “emaitzarik onena” dela haiek erdietsi dutena: “Kirol hau Espainia mailan oso entzutetsua da, baina geurean oraindik egonkortze eta hazte prozesuan dago. Beraz, gu izan gara kota horretara iristen lehenak“.
Alor bateragarriak.
Pistako eskubaloia eta hondartzakoa uztartzeko “oso bateragarriak” diren modalitateak direla argitu dute: “Pistako denboraldia amaitzean hasten da hondartzakoa; maiatza bitarte, pistan ibiltzen gara, eta gero hasten gara hondartzan indarrak jartzen. Ekainetik abuztura arte, hondartzako modalitatea da gure helburua. Abuztuan oporraldia hartzen dugu, eta gero ostera hasten gara pistako sasoia prestatzen”.

Prestakuntza aipatuta, hondartzako aldiari prestakuntza espezifikoagaz heltzen diote, talde handiekin jokatzeko, hori “ezinbestekoa” baita: “Maiatzetik aurrera, martitzenetan eta eguenetan, hondartzan egiten ditugu entrenamenduak; Isla Kale kiroldegitik hartzen dugu materiala, eta San Antonio hareatzan egiten ditugu saioak”. Teknifikazio mailari dagokionez, pistako eskubaloiaren “oso bestelako” arloa da hondartzakoa: “Pistako eskubaloian sekula jokatu ez duenak badu hondartzan jokatzerik, teknikoki oso desberdina baita”.
Bestalde, emakumezko kadeteak ez ezik, taldekideek nabarmendu dute gizonezko kadeteak ere “goi mailan” ari direla: “Euskadiko bigarrenak izan dira, eta gazte mailakoek, berriz, hirugarren postuan amaitu dute. Emaitzok ikusita, hurrengo urtean, ume mailakoak ere sekzioan sartu gura ditugu, helburua jokalari gehiago txapelketen borrokan edukitzea da”. Horregaz batera, genero arteko arrakala “egonkortzea” ere begibistan dute: “Jokalari gehienak emakumezkoak dira; alde horretatik, gizonezko gehiago erakartzeko lanean ere bagabiltza”.