'Noyes', joandako bizimolde baten azken olatua
Iñigo Azkona Bikandi argazkilariak 'Noyes' erakusketa ikusgai du Elantxobeko Tinglaupean, hilaren 23a bitarte.
'Noyes' erakusketako argazkietako bat.Iñigo Azkona Bikandi Elantxobe, zerbait izatekotan, herri arrantzalea eta itsastiarra izan da tradizioz. Egun, baina, inor edo ia inor ez da arrantzaren sektoretik bizi, eta alor hori bigarren maila batean zokoratua dago. Duela ez hainbeste, baziren arrantzontziak herriko portuan, gau zein egun udalerria beren jardueraz eta tradizioz zipriztintzen zutenak; horietako bat da Noyes izenekoa. Iñigo Azkona Bikandi herritar eta argazkilariak “joandako” mundu hari bigarren bizia eman dio, eta aipatutako ontzian egindako argazki sorta ederra ikusgai ipini du, abuztuaren 23ra bitartean kaiko Tinglaupean ikusgai dagoen izen bereko erakusketa tarteko.
2004an ernaldu zen gaur erakusketa itxura duen proiektuaren hazia, egilearen berbetan. “Urte hartan, Noyes ontziko patroiaren anaiak beraien arrantza gau bat zelakoa zen ezagutu gura ote nuen galdegin zidan, haien ofizioa argazkitan biltzeko”, dio. Hala, urte hartan zein hurrengo bietan, Azkonak herriko arrantzaren azken gordelekuetako bat bertatik bertara ezagutzeko aukera eduki zuen, eta bertan ikusi eta ikasitako dena bere argazki kameran ondo gorde: “Hiru urtetako irailetan ontziratu nintzen Noyes-en, eta gau bana igaro nuen eskifaiagaz”.
Iñigo Azkona Bikandi: “Erakusketaren noranzkoa zelanbait lineala da, hau da, ontzia portutik ateratzen eta portura heltzen den prozesua ageri da, bien bitartean gertatzen diren denetariko momentuak bilduta”
“Egundoko esperientzia” izan zen argazkilariak dastatu zuena, eta bizitako irakaspen zein uneak erakusketan “pilatu eta ikusarazteko” helmugaz ondu du portuan doan bisitatu daitekeen proiektua: “Erakusketaren noranzkoa zelanbait lineala da, hau da, ontzia portutik ateratzen eta portura heltzen den prozesua ageri da, bien bitartean gertatzen diren denetariko momentuak bilduta”.
Gogorarazpen zein ikaspen.
30 pieza inguruz osatutako argazki bilduma, lehen ez bezala, egun martxa betean ez dagoen gremio baten isla da. “Herriko zaharren kasuan, iraganera atzera jauzia egiteko eta, zelan edo halan, arrantza mundua birgogoratzeko modua da; horixe helarazi didate. Belaunaldirik gazteenek, ostera, arrantza ez dute puri-purian ezagutu, eta, alde horretatik, erakusketak beren herrian hain esanguratsua den ogibide eta itsas mundua erakusteko balio diezaiekete”.