Kulturak zipriztindutako uztaila izan da ereñarrentzat
Argazkia: Ereñoko Udala. Ereñoko zein inguruko herritarrek eduki dute non aukeratu, iragan uztailean zehar. Izan ere, udalak denetariko jardueraz osatutako kultur egitaraua prestatu du, erabat arrakastatsua izan dena eta uztaileko uda egunak girotu dituena. Hilaren 9an ipini zuten martxan kultur proposamen udatiarra. Bea Larrañaga izan zen lehendabiziko protagonista; Bonba bat naiz!! izeneko antzerkia oholtzaratu zuen. Umorez betetako “proposamen dinamikoa” izan zela aditzera eman dute antolatzaileek, herriko plaza “agertoki bihurtu” zuena: “Bertaratutakoek aire zabalean arte eszenikoez gozatu ahal izan zuten”.

Argazkia: Ereñoko Udala.
Uztailaren 18an, zuzeneko musikaren txanda izan zen: Andrea Goikoleak Gerandako harrobian kontzertua eman zuen. Emanaldi “ederra” izan zen, ingurune “oso berezi” batean, gainera: “Goikoleak ontzen duen musikaren sentiberatasuna Ereñoko txokorik berezienetako bategaz uztartu zen”. Kultur zikloa uztailaren 23an biribildu zuten: Bocabets Comediaren umorezko ikuskizuna tarteko. Talde horrek, hain zuzen ere, umorea eta beatbox-a “modu originalean” ezkontzen ditu bere saioetan, eta horrexetan oinarritu zen Ereñon emandakoa.

Argazkia: Ereñoko Udala.
Herritarrengandik “hurbil”.
Hiru hitzorduok ostutako kultur egitaraua guztiz arrakastatsua izan da, eta uztailari bestelako kolorea eman dio. Udalak, alde horretatik, “berretsi” egin du kultur eskaintza “askotarikoa, irisgarria eta kalitatezkoa” bermatzeko daukan “konpromisoa”: “Bizikidetzarako guneak sortzeko, udalerriko bizitza dinamizatzeko eta kutlrua herritarrengana hurreratzeko gai den eskaintza”. Hala, ereñarrei zein bertaratutako denei “eskerrak” eman dizkiete, “parte hartzearren eta erakutsitako interesagatik”.

Argazkia: Ereñoko Udala.