'Kolore, kolore eta gustu guztiak'
Mozorroen aniztasuna eta originaltasuna bildu ditu jendez lepo agertu den San Roketxu Eguneko [abuztuak 17] mozorroen desfileak.
Kolore, kolore eta gustu guztiak. Halaxe dio Mixel Ducau eta Zaldiboboren abesti entzutetsuak. Bada, gernika-lumotarrek zehatz-mehatz ulertu dute abesti horren esangura, eta horren isla da San Roketxu Egunez [abuztuak 17] herriguneak hartutako jai aldarte koloredun eta umoretsua. Atzo, mozorroak izan ziren nagusi herrian nonahi, batez ere, arratsaldez eta Juan Kalzada inguruan.
Izan ere, Andra Mari eta San Roke jaietako mozorro lehiaketak irudimena zukutzera eroan zituen herriko kuadrilla eta lagunarteak; denetariko gaiak hautatu zituzten haur zein nagusiek, eta herritarren artean aurkeztu, aipatutako kalean egokitutako pasarela partikularrean. Aurtengo ekitaldian, 21 taldek parte hartu dute. Azke aldien “pareko” kopurua izanik, antolatzaileak pozarren azaldu dira, gernika-lumotarrek desfilean parte hartzeko “konpromisoa eta gogoa” erakusten dituztelako.

Talde handi zein txikitan, koreografiagaz edota tartea arrapaladan eginez, ikusleekin hartu-emanean zein lotsak harrapatuta, dotore azaldu ziren parte hartzaileak. Aipatu modura, denetariko tematikak taularatu zituzten; gimnasta erritmikoak, Harriketarrak, tenis jokalariak, superheroiak, piratak (itsasontzia eta guzti), Munduko Futbol Txapelketako jokalariak, lapurrak, Euskal Prix lehiaketako kideak, trollak, EITBkoak, eta abar luze bat.

Lehia bete oinarrizko helburu ez izanagatik ere, denek ala denek desfilea ahalik eta hoberen biribiltzeko saiakera egin zuten, sariketaduna baitzen. Azkenean, M&Ms, trollak, tenis jokalariak, Euskal Prix eta Eguraldiko lantaldea izan ziren garaileak. Herriko komertzio eta jatetxeetan gastatzeko sariak poltsikoratu ahal izan zituzten; pernila irabazi zutenak ere egon ziren. Tankerako saririk eskuratu ez zutenek, ostera, agian balio are handiagoa daukanaz gozatu zuten: publikoaren berotasunaz eta erabateko jai giroaz.