Busturialdea Arraun: play-offaren atea zarratuta, etorkizunarena zabalik
Busturialdea Arraun Elkarteari ozta-ozta ihes egin dio KAE 2 mailako igoera kanporaketarako sailkapenak. Edozelan ere, eskualdeko arraunaren haztegi taldeak sasoiaren "balorazio ona" egin du, tartean, Laredoko estropadan garaipen "gogoangarria" lortuta.
Argazkia: Busturialdea Arraun Elkartea. Amaitu da Busturialdea Arraun Elkartearen lehiaketa aldia. Busturialdeko arraunaren haztegi taldeak iragan zapatuan [abuztuak 15] biribildu zuen aurtengo KAE2 mailako estropada liga erregularra. Eskualdeko arraunlari gazteek Castro Urdialesera (Kantabria) bidaia egin zuten, 54. Ciudad de Castro Urdiales bandera lehiatzeko.
Denboraldiko dominatzaile nagusia, Castro Loizaga, izan zen lehia goitik behera menperatu zuena, eta 21.59,92ko erregistroagaz gailendu zen, 22.11,84koa lortu zuen Camargoren aurretik. Bi taldeok izan dira KAE2 mailako protagonista nagusiak aurtengo sasoian, gainontzeko taldeak baino koska bat gorago arituta. Igoera kanporaketa lehiatzeko hirugarren posturako, baina, borroka handia egon da, eta lehia horretan bete-betean murgilduta ibili da Busturialdea. Bai Castro Urdialesen, bai azken sailkapenean, Portugalete izan da eskualdeko taldea menpean hartu ahal izan duen bakarra. Zapatuan, 22.33,36ko marka ezarri zuten Nerbioi itsasadarrekoek, eta 23.01,83koa, ostera, makuesek.
Sailkapen orokorrean, beste hainbeste: Castro Loizagak eta Camargok, hurrenez hurren, 109 eta 99 puntu poltsikoratu dituzte; Portugalete hirugarren sailkatua oso urrun aritu da, bizkaitarrek 74 puntuko uzta jaso baitute. Busturialdea, bere aldetik, play-offaren sailkapenaren atarian geratu da: bosgarrena izan da, 65 puntugaz, Deustu laugarren sailkatuagaz berdinduta.
Igoera kanporaketaren jokotik aldenduta geratuagatik ere, taldearen ordezkari Patxi Egurrolak urtearen “balorazio positiboa” egin du. Elantxobetarrak azpimarratu du urte hasierako jomugetako bat ohorezko txandan amaitzea zela, “hori lortu egin dugu”. Hori bai, igoera kanporaketa “apur bat urrundik” ikusi behar izan dute: “Une batzuetan hurbil samar ikusi arren, Portugaletek martxa bat gehiago eduki du, eta hori igarri egin da”.
Gazteen garaipena.
Aurtengo gailurra, zalantza barik, uztailean iritsi zitzaien busturialdetarrei: hilaren 26an garaipen erraldoia lortu zuten; hura ere kantabriar itsasertzean izan zen, 19. Laredoko Udala estropadan. Aurreikuspenetatik “oso aldenduta” iritsi zitzaien garaipen hura, zuzendari eta arraunlariaren berbetan. Izan ere, lehen txandan aritzea egokitu zitzaien; Mutrikuri “alde politagaz” gailendu zitzaion Busturialdea.

Castroren nagusitasunaren aurrean, ez zuten “ilusio handirik” egin. Edozelan ere, metroek aurrera egin ahala, aldeak apaltzen joan ziren, eta azkenean faboritoek ezin izan zuten Busturialdearen erregistroa harrapatu, eta bi segundo eskasetara helmugaratu ziren kantabriarrak. “Egundoko ezustekoa eta zoramena” bizi izan zuten hala Laredon, nola Elantxoben: “Herritarrek harrera hunkigarria egin ziguten, kofradiako sirena piztuta eta guzti. Arraunlarien gomutarako egun berezia izan zen, batez ere, ez genuelako aurreikusten“.
Patxi Egurrola: “Iaz arraunlari batzuk oraindik kadeteak ziren, alegia, hiru luze eta 1.500 metro egiten zituzten. Aurten lau egitera eta ia 6.000 metrotan arraun egitera igaro dira”
Bestalde, lantaldearen gaztetasuna azpimarratu du Egurrolak: “Hasieratik oso kontziente izan da geure lantaldearen gaztetasunaz; adibidez, iaz arraunlari batzuk oraindik kadeteak ziren, alegia, hiru luze eta 1.500 metro egiten zituzten. Aurten lau egitera eta ia 6.000 metrotan arraun egitera igaro dira”. Hori bai, gazteek “egokitzapenerako ahalegin izugarria” egin dute, eta Laredoko emaitza, esaterako, “horren adibide” da.
Su epelean.
Horrenbestez, hurrengo urtean “progresioari eta hobekuntzari” eustea tokatuko zaie: “Progresiorako tarte esanguratsua dugu; lantalde hau mantenduz gero, bizpahiru urtetan, maila oso polita lor dezakegu, play-offen bueltan ibiltzeko bezainbestekoa. Horretarako, baina, pazientzia eduki behar dugu, arraunlari gehienak oso-oso gazteak direlako”.
Hurrengo urtean ETE Liga lehiatzeko emakumezkoen trainerua osatu guran dabiltza
Ildo horretatik, Egurrolak aitortu du arraunlariak erakartzeko “urratsak egitea” oso gaitza dela Elantxobe moduko udalerri batentzat. Hori dela eta, estimu zein ilusio handiz dio emakumezkoen traineru bat lehia betean jartzeko “puntuan” daudela: “Nesken taldea trainerua osatzeko kopuruetan dabil eta, hortaz, hurrengo denboraldian ETE Ligan aritzeko helburuagaz gabiltza”.