Azken kalejira izateko asmoz
Gernika-Lumoko Sarek kalejiran gogoratu ditu, Gernikako jaiez "gozatu ezin duten" euskal preso, iheslari eta deportartuak. Presoontzako espetxe politika arruntei "atea zabaltzeko" deia egin dute, urtarrilaren 9an Bilbon egingo den manifestazio nazionalerako gonbita zabaltzeagaz batera.
Urtero moduan, Andra Mari eta San Roke jaien testuinguruan, Gernika-Lumoko Sarek kalejira herrikoia egin du gaur [abuztuak 17], San Roketxu Egunez, euskal preso, iheslari eta deportatuak gogoraratzeko eta espetxe politikan eragiteko asmoz. Merkurio ingurua izan dute hasiera eta bukaera; helburua, ostera, aurtengoa kausa horren aldeko “azken” kalejira izan dadila: “Horrek bistaratuko luke, legedia arrunta aplikatzera begira, jaietan afera honi begira mobilizatu beharrik ez lukeen euskal jendartea”.
Euskal preso, iheslari eta deportatuen egoerari aterabidea emateko bidea “marraztuta” dagoela nabarmendu dute sarekideek: espetxe politika arruntean “sakontzea” eta oraindik erregimen itxian segitzen duten 45 presoak “kalea zapaltzen” hastea. Espetxeratu horietako bat, hain zuzen ere, egun Martuteneko kartzelan dagoen Jabier Abaunza gernika-lumotarra da. Halaber, iraganeko agertokiak “gainditzea” ezinbestekotzat dute, “elkarbizitzari eta etorkizunari” begiratzea, baita “urte luzez erbestean” dirauten hamahiru iheslari eta hiru deportatuen auzoari “konponbidea” bilatzea ere.
Lanketa horretarako ardura “kolektiboa” dela azpimarratu dute: “Bake, konponbide eta elkarbizitzari ateak zabaltzeko unea da; hainbat urtez sufrimendu izugarria eragin duen eta eragiten jarraitzen duen auziari aterabidea ematekoa”. Helmugaratzeko “nahia eta beharra” dute gaur “beren konpromisoa” berretsi duten herritarrek, eta helmuga hori “denak etxean edukitzea” dela adierazi dute berriro: “Aurtengo udan behin eta berriz errepikatu dugun legez, bost hilabete barru Bilboko kaleak jendez beteko ditugu beste behin; inongo esfortzurik handiena egingo dugu urtarrilaren 9an Bilbon helmuga bat gurutzatu gura dugula irudikatzeko eta euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria ezagutu nahi dugula aldarrikatzeko”.