Bizkaiko ahaldun nagusiak atun industria bertatik bertara ezagutu du
Elixabete Etxanobek atun industriaren txoko eta xehetasun oro ezagutu du gaur [abuztuak 14], Bermeoko Serrats Kontserbak enpresaren lantegira egindako bisitaldian eta Bermeo Tuna World Capital elkarteko kideekin egindako bileran.
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia. Elixabete Etxanobe Bermeon egon da gaur [abuztuak 14], atunaren nahiz hegaluzearen balio katearen errealitatea bertatik bertara ezagutzeko. Hain zuzen, Bizkaiko ahaldun nagusiak kontserba industriaren eta atunontzi izoztaileen egoera zuzenean ikusi ahal izan du. Lehenik, Serrats Kontserbak enpresara bisitaldia egin du, eta, jarraian, Bermeo Tuna elkarteko kontserba enpresetako ordezkaritzagaz bildu da.
Serratsen instalazioetan, Etxanobek bertako protagonisten ahotik ikusi ahal izan du etxe hori familiaren erroetan oinarritutakoa dela, 1890ean baitu jatorria; zutabe nagusienetakoa da, hain zuzen, hegaluzearen, antxoen eta tankerako beste kontserba batzuen artisau ekoizpenean. Serrats sendiaren bosgarren belaunaldia dago, egun, enpresaren buruan. Bermeo Tuna elkarteko kideekin eginiko bileran, ostera, Etxanobek Busturialdean “hain erroturik” dagoen kontserba industriak izandako bilakaeraz nahiz egungo erronkez hitz egin du.
Industria jakin hori tokiko “nortasun ekonomikoaren parte” dela azpimarratu du ahaldun nagusiak, “eboluzionatzeko, berrikuntzarako eta lehiatzeko gaitasun oso handia” daukana. Gremioko enpresek zelan behar egiten duten bertatik bertara ikusteko aukera edukita, “hobeto uler daiteke” Bermeori eta Bizkaiari enpresok ematen dieten balioa.

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.
Bermeo Tuna World Capital elkartearen egoitzan, atun enpresa izoztaileetako ordezkaritzak arraantza jardueraren “nazioarteko dimentsioa” erakutsi diote. Izan ere, “hainbat ozeanotan” garatuagatik ere, “lotura estua” du Bermeogaz, bertako “erabaki zentroen, enpregu kualifikatuaren, hornitzaileen, ezagutzaren eta berrikuntzaren” bidez. Bermeo “eredu” da, nazioartean presentzia nabarmena duen enpresa jarduera bat Bizkaitik bertatik kudeatu daitekeela frogatzeko: “Lurraldean errotuta eta, aldi berean, mundura irekita”.
Bermeo, mugarri.
Bizkaia nazioarteko mailan erabateko erreferentea da atunaren balio katean, hainbat esparru barnebiltzen dituen ekosistemari eskear: arrantza, industria, logistika, teknologia, ikerketa zientifikoa eta prestakuntza. Hala, Bizkaiko enpresek sektore tradizional baten errotzea, esportaziorako gaitasuna eta industria-bikaintasuna ordezkatzen dituzte. Aipatutako sektorea Bermeoko eta Bizkaiko motor ekonomikoetako bat da.

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.
Hori horrela, Bermeo Espainiako atun sektorearen polo nagusia da, sektorearen inpaktuaren %43 balio kate osoan zehar. Bermeotik 45 itsasontzik behar egiten dute, alegia, Espainiako atunontzi guztien kopuruaren %64k; inpaktu ekonomikoa 1.490 milioi eurokoa da mundu osoan, eta balio kate osoan zehar 20.747 lanpostu (zuzenak edota zeharkakoak) mantentzen ditu, Bermeon kokatutako enpresekin lotuta.
Izan ere, atun sektorea Euskadiko ekonomia urdinaren adierazle estrategiko nagusietako bat da. Bizkai eta Gipuzkoako atun sektorearen balio kateak 1.889 milioi euroko inpaktu ekonomikoa du mundu mailan. Horietatik 881 milioi berton geratzen dira, 448 milioi arrantza jarduerari lotuta; 433 milioi, aldiz, eraldaketa industriagaz erlazionatuta. Bizkai eta Gipuzkoako enpresak Espainiako atun sektorearen mundu mailako inpaktu ekonomikoaren %55 dira; bederatzi enpresa talde aritzen dira lanean, 54 itsasontziko ontzidiagaz, Atlantikoan, Indian eta Ozeano Barean.