Galerna Eguna, oroimenaren eta ondarearen gordailu
Argazkia: Bermeoko Udala. 1912ko galerna entzutetsuaz geroztik 114 urte igarota, bermeotarrek ez dute hutsik egin gertakizun horri dagokion urteroko oroimen eta memoria historiko jarduerari: atzo [abuztuak 12], Galerna Egunean bildu ziren Olatu Kaian, Galerna Baleontzien Elkarteak antolatuta eta Bermeoko Udalak babestuta. Itsas suntsipen hark, izan ere, oihartzun eta eragin argi askoak eduki zituen orduko bermeotarren bizitzetan, baita hurrengo belaunaldien memorian ere: itsasoan bizitza galdu zuten 143 arrantzaleetatik 116 Bermeokoak izan ziren.
19:30ean, urtero modura, Portuzaharrerako bidea hartu zuten herritarrek. Lamera parkea abiapuntu, Kankinbara Txistu Taldeak gidatu zuen kalejira herrikoia. Bertan, itsasotik gogoratu gura izan zuten itsasoan jazotakoa: EHUko El Saltillo ontzitik moilara aireratu zituzten bai oroimenezko errezitaldi poetikoa, baia adar zein txalaparta hotsa ere. Jarraian, Serratsen eskutik, bertaratu zirenentzako kandelak banatu zituzten. Urari sua eta hondamenari oroimena, egun seinalatu horri dagokion dantzaren txanda iritsi zen azkenik: Alargunen Dantza, Kanta Kanta Lorue taldea bidelagun.
Argazkiak: Bermeoko Udala.