Aurrelari sasoikoena eta atzelari plazagizonena, etxeko Grand Slamaren finalean elkarren aurka
Domekan [abuztuak 16] lehiatuko dute Gernika-Lumoko Grand Slamaren final handia. Xabier Barandika gernika-lumotarrak eta Mikel Mantzisidor mutrikuarrak Aritz Erkiaga ispastertarra eta Iñigo Unda gernika-lumotarra izango dituzte aurrez aurre jendez gainezka egongo den plazan.
Eusko Label Winter Seriesaren zurrunbilotik at, bada Jai Alai zesta-puntaren katedrala ikuslez lepo ipini ohi duen beste hitzordu berezi bat ere, udakoa: Gernika-Lumoko Grand Slama. Kinielen eta finalaurrekoen ondoren, domeka honetan [abuztuak 16], San Roke egunez eta Andra Mari eta San Roke jaietan bete-betean sartuta, lehiatuko dute final handia, 18:00retatik aurrera.
Etxeko puntista bik elkarren auka neurtuko dituzte indarrak azken partiduan. Alde batetik, Xabier Barandikak Mikel Mantzisidor mutrikuarra izango du bizkazain; bestetik, Iñigo Undak Aritz Erkiaga ispastertarragaz eskurik esku egingo du borrokan. Bikote biek sendotasuna erakutsi dute kinieletako lehen jardunaldian, alegia, lehiaren lehendabiziko geltokian. Bigarren kiniela saioan, Johan eta Gorka Sorozabal anaia miarriztarrek lortu zuten aurrera egiteko txartela, baita Alex Goitia markina-xemeindarrak eta Thibault Basque bidartarrak ere.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Finalaurrekoetan, Barandikak eta Mantzisidorrek Goitia eta Basqueren aurka jokatu zuten. Partida estua eta borrokatua izan zen: hirugarren setean lortu zuten garaipena lehenengoek. Bigarren finalerdiak ere eduki zuen emoziotik eta lehiatik; Erkiagak eta Undak lortu zuten garaipena. Jardunaldi hartan huts egin zuena Johan izan zen. Finalaurrekoa baino bizpahiru egun lehenago, aurrelariak izterrondoan min hartu zuen, eta bere tokia Bixente Gonzalez miarriztarrak bete behar izan zuen. Partida hura ere hirugarren setean erabaki zen, ispastertarraren eta gernika-lumotarraren 5 eta 0eko aldeko markagailuagaz.
Finalari begira, txapela janzteko hala hautagaitza, nola presioa Barandikaren eta Mantzisidorren bizkarrean daude. Ondobidean, ekuazio solidoagoa eta fidagarriagoa osatzen dute gernika-lumotar aurrelariak eta mutrikuar atzelariak. Edozelan ere, Erkiaga Ispasterko magoak sobera frogatu du han-hemen edozein egoerari buelta emateko gai dela; aurrelari eskarmentudunagaz batera, gainera, Undak egindako txapelketa txukuna aipatu beharra dago: lau puntistetatik ezezagunena izanik ere, nota apartagaz gainditu ditu orain arteko azterketak eta, gainera, gernika-lumotarra zailtasunen aurrean hazten den plazagizona da.
Estrategia argiak.
Barandika-Mantzisidor bikotearen taktika argi askoa izango da: jokoa pilotalekuaren atzealdeko koadroetara kargatzea. Beren jomuga nagusia Unda presiopean ipintzea izango da. Hain zuzen, atzelariak eskuin esku boteretsua du, baina Jai Alai frontoiaren ezaugarriak ez datozkio hain ondo errebesez jokatzerakoan; ahulgune hori bilatuko dute arerioek, hau da, Undari ahalik eta lan gehien ematea, Erkiaga jokotik atera dadin.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Beste bikoteari dagokionez, ispastertarraren abileziak zukutzea eta hari hoberen dagozkion egoerak sortzea bilatuko du. Erkiagari heltzen zaizkion jokaldi denak errematatzea tokatuko zaio; Undari, ostera, harentzako abaguneak sortzea eta, posible duenean, pilota biziagaz eta bere eskumakadekin min egitea.
Presioaren eta nekearen arteko nahaspila izango da azken partidua. Izan ere, etxean gailentzeko ia-ia eginbeharra du Barandikak, Unda lehiara azken orduan sartu baitzen eta, hori gutxi balitz, aurrelaria hura baino puntista beteranoagoa eta tankerako plazetan onduagoa baita. Hori bai, Barandikak azken asteotako emaitzak erabat lagun izango ditu: batez beste, hiru egunetik behin partida bat jokatzen ibili da, uztailaren 10az geroztik; hamar garaipen eta porrot bakarreko dinamikagaz iritsiko da finalera, tartean, Donibane Lohizuneko, Mutrikuko eta Miarritzeko Master Seriesak poltsikoratuta. Ikusteko dagoena da txapelketen pilaketak eragindako nekea zer nolakoa den.
Grand Slamaren finalaz gain, Challenger Tour txapelketarena ere jokatuko dute; Oier Diaz etxeko puntista bertan ariko da
Ikusleek bikain erantzun diote txapelketaren antolatzaileen deiari, eta zesta-puntaren katedraleko harmailak bete dituzte lehen jardunaldietan. Finalari begira, sarrera denak agorturik, Jai Alai lepo beteko dela aurreratu dute eta, hain zuzen ere, frontoiko goiko partea irekizea erabaki du antolakuntzak. Final handia orduko, Challenger Tour txapelketaren finala ere jokatuko dute, beterano eta gazte banaz osatutako bikoteekin: Christophe Olha miarriztarrak eta Aratz Goikoetxea berriatuarrak Aaron Gonzalez de Matauko gasteiztarra eta Oier Diaz gernika-lumotarra izango dituzte aurrez aurre.