Bihar beranduegi da: erresistentzia, argazki bat bailitzan, gaur hasten da
Gernika-Palestinak deituta, palestinar herriarekiko elkartasun argazki herrikoia egin dute gaur [abuztuak 13], Seber Altube Auditorioan. Epe labur eta erdi-luzeko egitasmoetara deitu dituzte herritarrak.
Gernika-Palestinak deituta, palestinar herria pairatzen ari den “txarreranzko egoera” salatzeko bildu dira gaur [abuztuak 13] gernika-lumotarrak nahiz inguruko herritarrak, Seber Altube Auditorioan egin duten elkartasun argazki herrikoia tarteko. Datuak plazaratuz abiatu dute Palestinaren aldeko erradiografia soziala: iazko su eten adierazpenaz geroztik, 1.200 lagun erail ditu Israelek, horietatik 300 haurrak, alegia, egunero bat. Palestinaren aurkako genozidioa abian ipini zutenetik, ostera, 73.000 herritar hil dituzte israeldarrek, tartean, 21.000 ume.
Israelgo armadak, adosturikoaren arabera, “Gazatik alde egin” behar baldin bazuen ere, argitu dute Gazako lurraldearen %70 oraindik “bere kontrolpean” daukala. Zisjordaniari dagokionez, egoera “larritu baino ez” da egin: “Kolonoen erasoaldiek, lurralde okupazioak, etxeetako lapurretek eta abarrek kolonialismoa “azeleratu” baino ez dute egin, palestinarren bizimodua “jasanezin” bihurtzeraino. Su eten elkarrizketetan adostutakoak betetzen “ez dituen bakarra” Israel eta Benjamin Netanyahuren “gobernu genozida” dela azpimarratu dute: “Nazioarteko araudia betetzearen eta betearaztearen ordez, gerra eta genozidioa areagotzen dituzte”.
Egoera ikusirik, “estadio biren aurrean” kokatu da Gernika-Palestina, “zer egin” planteatzerakoan. Alde batetik, “larriena” nabarmendu dute: “Giza hondamendiaren aurrean, laguntza, elkartasuna, salaketa eta presioa handitzeko beharra dugu”. Ildo horretatik, iragarri dute hurrengo asteotan “ekimen ezberdinak” abiatuko dituzte, batik bat, “kaleen aktibazioa” sustatzeari eta Euskal Herriko “eragile, sektore eta esparru” ezberdinen “konpromisoaren lekuko” izan daitezkeen egitasmoak plazaratzeari begira.
“Hurrengo hilabeteotan laguntza handia beharko dute, eta hor ere Gernikako herria Palestinakoaren alboan dagoela adierazteko bideak aurkitu beharko ditugu”
Bestetik, epe “erdi-luzera” begirako egoeraz mintzo dira. Gaza “nagusiki hondamendia” da egun, eta Palestinak “erabateko egiturazko beharrizanak” dauzka: “Azpiegituretan, osasunean, hezkuntzan, oinarrizko baliabideetan edota giza eskubideen artatzean; hurrengo hilabeteotan laguntza handia beharko dute, eta hor ere Gernikako herria Palestinakoaren alboan dagoela adierazteko bideak aurkitu beharko ditugu”.
Bihar beranduegi denez eta erresistentzia, argazki bat bailitzan, oraintxe bertan hasten denez, Gernika-Palestinak ate joka dauden Andra Mari eta San Roke jaietarako deialdia ere luzatu diete herritarrei: “Gernikako jaiak hemen dira, eta haietan Palestina presente egotera animatzen zaituztegu”. Hala, elkartasun zapiak eta aldarrikapenak “nonahi presente” egon daitezela eskatu dute, herritarrei”aktibo izateko” gonbita luzatuz.