"Uste baino zabalagoa" den gaitz bati buruzko solasaldia
Busturialdeko Alkoholiko Anonimoek irailaren 12an herritarrentzako berbaldi irekia egingo dutela aurreratu dute.
Busturialdeko Alkoholiko Anonimoek irailaren 12an egingo dute urteroko berbaldi irekia; 17:30ean izango da, Elai Alai Aretoan. Bertan, gaitz horren inguruko espezialistek gidatuta eta zuzeneko esperientziez hornituta, gaixotasuna “askok uste baino ohikoagoa eta zabalagoa” dela bistaratuko dute, taldeko kideek aurreratu dutenez: “Alkoholismoak ez die eragiten bakarrik kontsumitzaileei, baita haien inguruko senide eta lagunei ere”. Edozelan ere, solasaldia “guztiz irekia eta dibulgatiboa” izango da, eta, hala, herritar denak “gonbidatuta” daude.
Francisco Javier Ogando psikiatra eta Felipe Diez familia medikua izango dira berbaldiaren gidariak: “Bakoitzak alkoholismoaren gaiari beren esparru profesi0naletik helduko diote, alegia, arazoa zelan ikusten duten, nola aurre egiten dioten, zelako pazienteak iristen zaizkien eta alkoholismoa menperatzeko erronka nagusiak zeintzuk diren argituko dute, besteak beste”.