Gernikako nahiz Errenteriako jaiek eragina izango dute trafikoan
Gernikako Andra Mari eta San Roke jaiak direla eta, udalerriko hainbat kale nahiz auzunetan trafiko mozketak izango dira, baita Errenteriako San Bartolome jaien bueltan ere.
Gernika-Lumoko Udaletik iragarri dutenez, Andra Mari eta San Roke jaiek eragina edukiko dute udalerriko trafikoaren normaltasunean, jaiegunetan zenbait kale nahiz inguru trafikoarentzako zarratuta egongo baitira. Artekale eta Juan Kalzada kaleei, hau da, udalerriko herrigunearen erdialdeari eragingo diote trafiko mozketek gehien.
Kaleok barikuan [abuztuak 14] itxiko dituzte, 13:00retan, hurrengo martitzeneko [abuztuak 18] 15:00rak bitarte. Tarte horretan, ibilgailuek San Juan kaletik egin beharko dute desbideratzea. Autobus zerbitzua ere ez da erdiguneraino iritsiko; geltokiak Santanape kiroldegian, erdiko geldigunean eta Lurgorriko biribilgunean kokatuko dituzte.
Gernikako jaien ondoren, Errenteriako San Bartolome jaien txanda ailegatuko da, eta haiek ere eragina edukiko dute trafikoan. Errenterian hilaren 23an zarratuko dute ibilgailuen iragatea, 18:00retatik 00:00etara artean; 24an, berriz, 10:00etatik 00:00etara arte. Abuztuaren 28an, 16:00retatik gauerdira arteko itxiera izango du eremu horrek, eta hurrengo egunean, 29an, 10:00etatik gauerdira artekoa. Trafikoaren desbideratzea Mertzede eta Uharte kaleetan barrena egingo dutela azaldu dute udaletik. Kamioiek nahiz autobusek, ostera, galarazita izngo dute Errenteriara sarrera; azken horien kasuan, erdiko geltokian izango dute geralekua.