Prebentziorako esku hartzea antolatu dute jaietarako
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, alkohol eta bestelako drogen kontsumoagaz lotutako arriskuen prebentziorako eta murrizpenerako, esku hartze "puntuala" egingo du jaien Andra Mari jaien estreinaldian [abuztuak 14].
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak alkoholaren eta bestelako droga nahiz substantzien kontsumo “intentsiboa ekiditeko” eta horren ondorioz eratorritako jokabideak “murrizteko” sentsibilizazio urrats bat egingo du barikuan [abuztuak 14], Andra Mari jaien lehen ospakizun egunean: hiru orduz, Saraspen esku hartze “puntuala” egingo dute, bereziki gazteei zuzenduta.
Helburu nagusia, mankomunitatetik argitu dutenez, substantzien gehiegizko kontsumoa eta mozkorraldiak apaltzea izango da, modu horretan jarrera oldarkorrak eta arriskutsuak murriztu daitezen eta herritarren “autokontrola sustatu” dadin. Saraspe plazak, beraz, hiru orduko informazio emate eta sentsibilizazio jarduna hartuko du barikuan, 22:00etatik 01:00era artean.
Arduradunek gazteei informazioa eta erabilera bakarreko alkoholimetroak emango dizkiete, baita bestelako materiala ere, hala nola pisu eta sexuaren araberako denbora ezabatzeko erregletak. Aurreratu dutenaren arabera, esku hartzea gizarte arloan eta mendekotasunen alorrean formakuntza nahi eskarmentua duten beharginek zuzenduko dute.