Ohitura, berrikuntza eta auzolana uztartu dituzte Sukarrietako Jaiek
Argazkia: Sukarrietako Jai Batzordea. Iragan barikua [abuztuak 7] eta zapatua [abuztuak 8] egun seinalatuak izan ziren sukarrietarrentzat: herriko jaiak ospatu zituzten, egun biak goi-goitik bete zituzten ospakizun egitarauekin. Sukarrietako Jai Batzordeak herriko kuadrillei, udalaren laguntzaz, jaiak prestatzeko deialdia luzatu zieten, eta kudeaketa “bikain” joan da: “40 lagun inguru ibili gara beharrean, taldetan banatuta; taldeotako bakoitzak umore rallya, estropadak, play-backa edota bestelako ekimenak antolatu ditu”.

Argazkia: Sukarrietako Jai Batzordea.
Barikuan, txupinazo ostean, Katillotxu inguruko ibilbide osasuntsuan barrena kros herrikoia egin zuten, jaietarako aktibazio gisa: 200 lagun inguruk parte hartu zuten. Umore rallyaren txanda iritsi zen hurrena: “Kuadrillei denetariko probak eginarazten zaizkie, zein gailenduko ikusteko; horietako azkena, adibidez, Laidaraino edozelan heltzea eta han argazkia ateratzea izan zen”. Ez da jaietako lehia bakarra izan: batel estropadak “erantzun aparta” eduki zuen.

Argazkia: Sukarrietako Jai Batzordea.
Lehen kolpera barikurako iragarrita egonagatik ere, mareak zapatura atzeratu zuen estropada: “Erabaki egokia izan zen, eta hogei batel inguruk parte hartu zuten”. Zer esanik ez play-back lehiaketa herrikoiari buruz: “Herritarrek gogo handiz hartzen duten egitasmoa da; aurten, nagusien eta haurren bospaseina taldek parte hartu dute”. Ez hori bakarrik: hala tortilla txapelketa, nola barikuko gaualdi musikatua “ezin hobeto” joan zirela helarazi diete sukarrietarrek antolatzaileei.

Argazkia: Sukarrietako Jai Batzordea.
Zapatuan, auto klasikoen erakusketa eduki zuten. Iaz ekin zioten erakusketari eta, orduko emaitza ikusirik, aurtengoan errepikatu egin dute: “Hurrengo urteetan ere, egitarauan geratuko da, jendeak begi onez hartzen baitu, eta jaia goizetik bermatzen baita”. Bestela, jai batzordeak bai kuadrillen jaitsierari, bai mozorro jaiari buruzko balorazioa ere egin du: “Poztekoa da herritarren inplikazio maila hain handia dela ikustea; denak mozorrotuta eta jairako prestutasunez ikusteak erakusten du Sukarrietako Jaiekiko daukaten atxikidura handia dela”. Gainera, jai batzordeak aurten aplikazio bat sortu du, kuadrillek probetara izena ema dezaten, eta beren puntuazioak bertan ikus ditzaten: “Aurtengoa app-aren proba ekitaldia izan da, baina datozen urteetan ederto funtzionatuko duelakoan gaude”.