Murueta "eraldatzen jarraitzeko" udal aurrekontua onartu dute
Hurrengo urterako udal aurrekontua onartu dute Muruetan, udalerriaren "beharrei erantzutea" helburu izango duena. EAJk kritikatu du MITek babes tekniko zein ekonomiko gabeko "bat-bateko" proposamenak aurkeztu dituela.
Muruetako Udal taldeak hurrengo urterako udal aurrekontua onartu du. Udalbatza osatzen duten talde politikoen arteko eztabaidak eta lankidetzak fruitua eman du, eta, hala, muruetarrek bermatuta izango dute hurrengo ikasturterako udal aurrekontua. EAJtik “positibotzat” jo dute udalerriarentzako proiektu “estrategikoak” garatzen segitzeko eta herritarrentzako “zerbitzuak hobetzen” jarraitzeko aurrekontuaren onarpena. Udal gobernu taldetik adierazi dute, hain zuzen, aurrekontuak bideorri jakin bati jarraitzen diola: agintaldian abiatutako jarduerei “jarraipena ematea”, batetik; Muruetaren benetako beharrizanei kudeaketa “arduratsu eta planifikatuagaz” erantzutea, bestetik.
Aurreikusi dituzten esku hartzen nagusien artean, honakook azpimarratu dituzte jeltzaleek: Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) izapidetze aurrerapenaren gehigarria; Murueta Ontziolaren inguruko lanekin aurrera egitea; eskolaren egitura indartzea; Eleizaldeko haurrentzako jolasgunea berritzea eta Larraberako beste bat diseinatzea; ibilgailu elektriko zein hibridoak kargatzeko gunea instalatzea; Irukara eta Malloa udal bideak hobetzea; Eleizondo eta Goierria urbanizazioetan lanak egitea; argiteria publikoa berritzeko lanekin jarraitzea; Sukaldi udal tabernarako karpa proiektua; eta udalerriko hainbat gunetan segurtasun barandak jartzea.
Ez hori bakarrik: herriko kultur eta aisi elkarte nahiz taldeak ere diruz lagunduko dituztela iragarri dute EAJtik, baita herriko jaietarako diru sailak handitzeko eta herriko etxebizitza guztietan ke detektagailuak ipintzeko asmoa dutela aurreratu ere. Kontuak egiterakoan, oposizioak egindako “ekarpen guztiak” aztertu dituzte, eta bideragarrienak hautatu, batik bat, Teileri parkeko seinaleztatzea hobetzea edota Aldai Etxeari buruzko azterlan historikoa bultzatzea.
Edozelan ere, alderdi jeltzaleak nabarmendu du Murueta Independente Taldeak (MIT) proposamenetako asko “aurretiazko lanik gabe” plazaratu dituela; gogorarazi dute gastu arrunten arloa 45.000 eurotan murriztea planteatu duela MITek, baliabideok zein sailetatik kendu beharko liratekeen zehaztu gabe eta murrizketa horrek udalaren ohiko funtzionamenduan eragingo lituzkeen ondorioak argitu barik. Beraz, EAJtik azpimarratu dute udal aurrekontua ezin daitekeela “inprobisazioan” oinarritu: “Diru sail bakoitzaren atzean herritarrek egunero jasotzen dituzten zerbitzuak daude; diru kopuru hori nondik kenduko litzatekeen eta hark edukiko lituzkeen ondorioak liratekeen aintzatetsi barik proposamen hori egiteak erabateko zorroztasun eta lan falta erakusten du”.