Bilbotarren eta bizkaitarren maitasuna jasotzeko prest dago Onintza Enbeita muxikarra. Maitasuna jasotzeko irrikitan, pozik baino pozago eta guztiz hunkituta. Emozioak aireratu zituen atzo Bilboko udaletxean Ainhoa Urrejola txupinera ondoan egindako agerraldian, barrena askatu eta ahotsa trabatuta, korapilatuta berba egin zuen. Izan ere, aspaldiko amets bat beteko du aurtengo Bilboko Aste Nagusian, “inoiz pentsatuko ez zuen ametsa”.
Enbeitarentzat pregoilari izateko gonbita «kristoren ohorea» da, «pribilegioa». Beste berba batzuk baztertuta, horrelaxe adierazi zuen berarentzat daukan esanahaia. «Bederatzi egun bilbotarren eta bizkaitarren maitasuna jasotzeko». Pregoilari izatea, bere ustez, bere ibilbideari egindako aitortza da. «Uste dut hau dela bertsolari moduan sekula jaso dudan maitasun erakustaldirik handiena», esan zuen.
Abuztuaren 22tik 30era izango dira jaiak, eta bederatzi egun horietako esperientzia ahaztezina ailegatzeko zain, pregoia idatzita dauka honez gero. “Argi dago pregoia ezin dela inprobisatu, bertsoen moduan; horrelako momentu batean ez nuke esango nahiko nukeen erdirik ere”. Zelan ez, bertsorik ez da falta izango pregoian, baina guztia ez da bertsotan izango.
Bilboko pregoilari izatea, "ohorea eta pribilegioa"
Onintza Enbeitarentzat bere ibilbideari egindako aitortza da Bilboko jaietako pregoilari izatea. «Uste dut hau dela bertsolari moduan sekula jaso dudan maitasun erakustaldirik handiena», esan du Bilboko udaletxean egindako agerraldian.
Onintza Enbeita. Argazkia: Alberto Elosegi