150 eta 200 euro arteko errentadun sei udal etxebizitza eskainiko dira, alokairu sozialean
Eskabideak aurkezteko epea Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera egongo da zabalik, irailaren 7ra arte.
Argazkia: Gernika-Lumoko Udala. Gernika-Lumoko Udalak alokairu sozialeko araubidean udalaren sei etxebizitza esleitzeko deialdia ireki duela jakinarazi du. Eskaintza honen helburua “merkatu librean etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsona eta familiei etxebizitza eskuratzen laguntzea” da, udal ordezkariek esan bezala. Iparragirre eta Alhóndiga eraikinetan kokatutako etxebizitzak hilean 150 eta 200 euro arteko errentaren truke alokatuko dira, hala nola. Azaldu dute horien esleipena eskatzaileen “egoera ekonomikoa eta soziala” kontuan hartuko dituen baremazio-sistema baten bidez egingo dela.
Zabaldu berri duten deialdiak guztira sei etxebizitza hartuko ditu: horien baitan, logela bakarreko hiru eta bi logelako beste hiru. Lehenengoak gehienez bi pertsonako bizikidetza-unitateentzat izango diren heinean, bigarrenetan gehienez lau pertsona bizi ahal izango direla zehaztu dute, Eusko Jaurlaritzaren araudian ezarritakoarekin bat etorriz.
Errentak “merkatuko prezioen azpitik” egongo direla nabarmendu dute foru herriko udal ordezkariek. Logela bakarreko etxebizitzen hileko alokairua 150 eurokoa izango da, eta bi logelakoena, aldiz, 200 eurokoa. “Kontratuek hasierako bost urteko iraupena izango dute, eta beste bost urtez luzatu ahal izango dira, baldin eta esleipendunek ezarritako baldintzak betetzen jarraitzen badituzte”, azaldu dute.
Irizpideak
Etxebizitza hauetako bat eskuratu ahal izateko, baina, irizpide batzuk finkatu dituztela eman dute aditzera, oro har: “Beharrezkoa izango da gutxienez urtebetez Gernika-Lumon erroldatuta egotea, Eusko Jaurlaritzaren Babes Ofizialeko Etxebizitzen Eskatzaileen Erregistroan alokairuaren eskatzaile esklusibo gisa izena emanda egotea, eta jabetzan edo usufruktuan beste etxebizitzarik ez izatea, araudian aurreikusitako salbuespenak izan ezik. Horrez gain, urteko diru-sarrera haztatuak 10.495 eta 25.000 euro artekoak izan beharko dira”.
Esleipen-prozesu hau “Gernika-Lumoko babeseko etxebizitzen eskaintza indartzeko udal estrategiaren barruan” kokatzen dela nabarmendu, eta udalerriaren erronka nagusietako bati erantzuten diola gehitu dute udal ordezkairek: etxebizitza eskuratzeko aukera erraztea eta biztanleria-galera geldiaraztea.
Hala, udalak bultzatutako planak babeseko 206 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du, baita ekonomia berdeari lotutako enpresa-parkea sortzea, edota Lanbide Heziketako zentro berri baten proiektua berreskuratzea ere. Horren guztiaren helburua azpimarratu nahi izan dute; “biztanleria erakartzea, enplegua sortzea eta eskualdean errotzea sustatzea”.
Eta argi esan dute esleipen-prozesu hau abian jartzeak “beste urrats bat” suposatzen duela udalerrian etxebizitza publiko eskuragarrien parkea handitzeko estrategia horren baitan. Testuinguru horretan, Gernika-Lumoko alkate den Jose Mari Gorroñok nabarmendu du ekimen honek etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko udal-konpromisoari erantzuten diola: “Etxebizitza hauek benetan behar dituzten pertsonengana iristea nahi dugu. Etxebizitza eskuratzea gizartearen erronka handietako bat da, eta Udaletik neurriak bultzatzen jarraitzen dugu familiek eta gazteek Gernika-Lumon beren bizi-proiektua garatu ahal izan dezaten, alokairuaren prezioa oztopo izan gabe”.
Eskabideak aurkezteko epea Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera egongo da zabalik, esan dutenez. 2026ko irailaren 7a izango da, bestalde, azken eguna. Behin epea zabaldu, Gernika-Lumoko Udalak bere webgunearen bidez jakinaraziko du izen-emateak formalizatzeko prozedura. Eskabideak eredu ofizialaren bidez aurkeztu beharko direla aurreratu dute, eta gaineratu dute aurrez aurre erregistratu ahal izango direla Udaleko Erregistro Orokorrean, edo modu telematikoan udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Esleipena
Esleipena, gainera, ez da zozketa bidez egingo, baizik eta “baremazio-sistema baten bidez”. “Sistema horrek kontuan hartuko ditu Etxebiden izena emanda daramaten denbora, bizikidetza-unitateko kide kopurua, diru-sarreren maila eta zaurgarritasun bereziko egoerak. Azken horien artean daude genero-indarkeriaren biktimak, guraso bakarreko familiak, adimen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak eta araudian jasotako beste kolektibo bereziki kalteberak”, esan dute.
Prozesua ebatzitakoan, Udalak esleipendunen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratuko dituela ere jakinarazi du, eta eskatzaileen poltsa bat osatuko du etorkizunean sor daitezkeen hutsuneak betetzeko.