Erresistentzia, hare eta hauts artean ere amesten jarraitzea
‘Hautsa eta harearen artean zutik: gazteak herri sahararraren eskubideen alde’ erakusketa Gernika-Lumora ekarri du Gernika Memoriaren Lekukok eta Gernikatik Mundurak. Irailaren 4a bitartean egongo da ikusgai, Elai Alai areto txikian.
Euskal Herriak eta Mendebaldeko Saharak urtez urte josiz joan den sarea osatzen dute, besteak beste, euskal herritarrek beti erakutsi dutelako sahararrekiko “elkartasun sentimendua eta jarrera”. Azken urteetan Maroko “indartzeko” eman diren gertaerak ikusirik, baina, auzia berriz ere lehen lerrora eramateko beharra sentitu du Gernika Memoriaren Lekukok. Horretarako, Nuria Gonzalez argazkilariaren eta “gizarte errealitatetik etorritako” pertsonek osatutako Mundubat erakundearen Hautsa eta harearen artean zutik: gazteak herri sahararraren eskubideen alde argazki erakusketa Gernika-Lumoko Elai Alai areto txikira eraman dute, eta irailaren 4a bitartean egongo da ikusgai bertan, kultur etxearen ordutegian.
Memoria historikoaren lanketa eta nazioartera begirako elkartasunaren ardura oinarri dituen taldea da Gernika Memoriaren Lekuko. Ardura bi norazkotan zuzendu dute hasieratik, atera ditzaketen ondorioak ezagutu eta horietatik eragiteko: Gernika-Lumoko eta Euskal Herriko memoria kolektiboaren eraikuntza eta mundura begirako “ze ondorio, ze ardura politiko eta etiko erakarri” ditzaketen ezagutzea. Azkenaldian, Palestinara, Gazara begira aritu dira, “ahal denean” lagunduz. Ekialde Hurbilera zein munduko beste gatazketara begira berretsi dute, hain zuzen ere, “neokolonialismoa ez dela inoiz amaitu”: “Beste prozesu batean gaude, eta modu gordin batean berriro ere zabaltzen eta inposatzen ari da mundu guztian zehar”. Inposizio hori Mendabaldeko Saharan “oso nabarmena” da.

Argazkia: Gernika Memoriaren Lekuko
AEBen eragina.
Amerikako Estatu Batuek “beti lagundu” dute Maroko, eta Frantzia eta Europako beste herrialde batzuk ere Marokoren “nagusitasunaren aliatuak” izan dira: “Trumpek aurreko agintaldian ere erakutsi zuen Marokoren aldeko joera, Nazio Batuen posizionamendutik gora kokatzen dena; Frantzia ere joko horretan aritu da, eta Marokok Abraham Akordioaren alde eginez erantzun dio, AEBek Jerusalemen enbaxada zabaltzeko helburuz”, azaldu du Jon Argintxona Gernika Memoriaren Lekukoko kideak.
Nazioarteko mugimenduek Sahararen egoeraren “okertzea” eragin du, Nazio Batuen Erakundearen ere “aldaketa” egon baita: “Espainiaren posizionamedua ere nabarmen aldatu da; barne presioak daude Maroko indartzeko, logistikoki zein militarki Magrebeko jendarme gisa aritzeko”.
2022az geroztik indartuz doa Marokoren nagusitasuna, eta horregatik, Gernika Memoriaren Lekukotik “elkartasuna” adierazi eta egoera mahaigaineratzeko ekintzak antolatu dituzte: maiatzaren 8an El canto de Marian Hassan dokumentalaren proiekzioa egin zuten —saharar militante, abeslari eta kulturgilea izan zen Hassan—, eta biharamunean, Mendebaldeko Sahararen egoerari buruzko hitzaldi-topaketa egin zuten, Mujtar Leboihi Saharak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan duen ordezkariagaz: “Berak azaldu zuen ze egoeratan zegoen Sahara”.
Orain, argazki erakusketa prestatu dute, maila “izugarria” duen Gonzalez fotokazetariaren lanaren bidez Mendebaldeko Sahararen errealitatea bistaratzeko: “Argazkiak ikuste hutsagatik ere merezi du erakusketak, maila artistiko handia baitu”. Argazki bilduma Gernika-Lumora eramatea Gernikatik Munduragaz batera egin dute Gernika Memoriaren Lekukokoek, kultur etxearen laguntzagaz. Horrez gain, erakusketa bultzatzeko Espainiako Saharar Emakumeen Batasun Nazionala eta Euskal Herriko Saharar Emakumeen Elkartea taldeekin elkarlanean ere aritu dira: “Bi taldeetako arduradunak —Mansoura Babouzid eta Ergia Baba Hadj, hurrenez hurren— Gernikan bizi dira, gure auzokideak dira”, nabarmendu du Argintxonak.

Babouzid eta Hadjekin elkarlanean aritzean “oso sentsazio berezia” sentitu zuela aitortu du Argintxonak, hunkituta: “Beraiek asko sentitzen dute euren egoeraren pisua, eta hurbiltasun samur bat sentitu dut haiengatik. Hunkigarria izan da”. Emozionalitate hori ere agerikoa da Elai Alai areto txikian, artelan “oso ona” izateaz gain, Tindufeko kanpamenduetan bizi diren 173.000 errefuxiatuek 50 bat urtez eraiki duten “erresistentzia eta antolaketa gunea” erakusten duelako.
Fokua, ikasleengan.
Argazki bilduma Gonzalezek 2017 eta 2019 urteen bitartean Tindoufeko gazte errefuxiatu sahararrekin eta lau hezkuntza zentrogaz egindakoa da: “Beraien ametsak, asmoak, gogoak ikusten dira. Irribarrea ikusten zaie, begirada; a ze begirada! Batzuk umeak dira ia, neska gazte asko daude, eta ikusten da erresistentzia horren barruan ere beraien etorkizunerako ze amets dituzten, beraien egoeraren jakitun badira ere”, azpimarratu du Gernika Memoriaren Lekukoko kideak.
Ikasleen begirada “zintzo, alai eta inozentea” islatzen da argazkietan zehar, gogoetarako deia izatea nahi duten begirada: “Ez dute itxaropenik galtzen erresistentzia egoeran”.
Gonzalezen proiektuaren baitan hainbat formakuntza prozesu ere eman ziren, giza eskubideak eta bake kultura, giza eskubideei buruzko pedagogia eta hedabideen inguruko formakuntza espezializatua eskainiz. Izan ere, Mundubatetik 2019ko erakusketaren inaugurazio ofizialean nabarmendu zutenez, Saharako gaztediak “eskubide anitzen urraketa” pairatzen du nazioarteak “ez entzunarena egiten” jarraitzen duen bitartean: “Horregatik garrantzitsua da gazteek hezkuntzarako eta eraginerako dituzten gaitasunak garatzea, baita haien erresilientzia ere”.

Bigarren Hezkuntzako zentroetako bat Simon Bolibar da, Bizkaiagaz eta Euskal Herriagaz “lotura zuzena” duena: “Askatasun irudia da beraientzat. Kubatarrek bultzatutako ekimena ere bada, Batxilergoko kubatar sistema jarraitzen baitute eta bertako gobernuak diru laguntza batzuk ematen dizkie Tindoufetik Kubara joan ahal izateko goi mailako ikasketak egitera”, dio Argintxonak. Horrek AEBengan jartzen du begirada berriz, Kubaren kontra hainbat urtez bultzatu duten blokeoan: “Laguntza eskaintzen dion herrietako bat arriskuan du Saharak. Nazio Batuen laguntza humanitarioaren agentzia utzi dute AEBek, eta horrek eragina izango du, gainera, finantzazio aldetik; frantziarrak, gainera, Nazio Batuek sahararrei eman dieten laguntzaren aurka egon dira, azpitik presionatzen”. Hala, erakusketak nazioarteko herrien arteko laguntzaren irudia transmititzen du, “neokolonialismoaren ondorioz herri askeen subiranotasunaren eta askatasun eskubideen kontra” ematen den eragina azaleratuz.
Tindoufeko bizimodua kanpamendua baino gehiago da, sahararrei “gizatasunaren eraikuntzarako” balio die, eta “duintasun osoz” mantendu dute erresistentzia. Hare eta hauts artean egonik ere, zutik eta amesten jarraitzeko erabaki irmoa dute.