Borondate onak gidaturiko bidaian zehar
2022an pandemia osteko lehen bidaian murgildu zen Laura Oteiza, Gambiakoa bidaia soil bat baino askoz gehiago izango zela jakin gabe. Lau urte igaro dira eta, geroztik, hamaika aldiz bisitatu du Sanyang herria, ahal duen guztian laguntza eskaintzeko. Busturiko medikua ere bada, eta nahi gabe edo, herria ere mobilizatu du, Kangbeng Busturia Gambia Elkartea sortuta.
Bidaiatu, hango eta hemengo kultura, tradizio eta errealitateak ezagutu… Milaka eta milaka pertsonak duten pasio berari jarraiki, motxila hartu eta Gambiarako bidea hartu zuen Laura Oteiza Larretxeak 2022an. Nork esan behar zion, baina, lurralde horretan bere “herrian bezala” sentituko zenik, lau urte beranduago Kangbeng Busturia Gambia Elkartea sortuko zuenik.
Gambian hiru asteko egonaldia egitekoa zen Oteiza, Busturiko medikua, lehenengoz herrialdea zapaldu zuenean; gora eta behera, afrikar herrialdeak emateko zuen guztia zukutzeko ilusioz. Lehen bi asteak hara eta hona igaro ostean, baina, dena aldatu zen: Sanyang herria ezagutu zuen, eta azken aste guztia bertan igaro behar zuela sentitu zuen: “Dirua bidaiatzen gastatu beharrean, bertan behar batzuk zeudela ikusi genuen lagun batek eta biok”.
Familia batzuei arroza erosten hasi zen, eta Sanyangeko ospitalea ezagutu zuen gero, 2022an pandemia osteko lehen bidaian murgildu zen Laura Oteiza, Gambiakoa bidaia soil bat baino askoz gehiago izango zela jakin gabe. Lau urte igaro dira eta, geroztik, hamaika aldiz bisitatu du Sanyang herria, ahal duen guztian laguntza eskaintzeko. Busturiko medikua ere bada, eta nahi gabe edo, herria ere mobilizatu du, Kangbeng Busturia Gambia Elkartea sortuta.behar asko” zituena. Euskal Herritik ekarpena egiten jarraitzeko asmoz, zer bidali zezakeen galdetu zien, eta orduan konturatu zen “oinarrizkoena” falta zutela: “Termometroak, izarak, parazetamola… eskatu zituzten. Orduan, gauzak pilatzen hasi nintzen hemen Gambiara bidaltzeko asmoz, baina bidaltzea oso zaila zen”. Materiala bidaltzea “oso garestia” zenez, hegaldia erosi zuen eta berak eraman zituen: “Gauza bat edo beste delako, azkenean bertara lotzen zara”.
Munduan zehar hamaika bidaia egindakoa da Oteiza eta, aitortu duenez, “lan asko” egin du Gambiar herriagaz duen konexioaren jatorria ulertzeko: “Ez dakit pandemiagaz lotuta dagoen; medikua naiz, eta oso gogorra izan zen eta, agian, horren osteko lehen bidaia izanda eta horrelako herri batera heltzea… Oso gustura egon nintzen, oso kultura komunitarioa da, eta leku guztietan beti zegoen jendea gu lagundu eta gauzak gugaz partekatzeko prest”.
Gambiarrak ere “pozik” daude medikuaren presentziagaz, baina hasiera batean “harrituta” ere egon zirela azaldu du: “‘Berriro etorriko zinela esan zenuen, eta etorri zara’ esaten zidaten, harrituta. Ikusten dutenean behin eta berriro zoazela, lagundu nahi duzula, gauzak eramaten dituzula… Azkenean harreman estua sortzen da. Nire herrian banengo bezala nago bertan; nire herria da”.

Proiektu ezberdinak
Udalerriko medikuak laguntza eskaintzeko Gambiara joan-etorriak egiten zituela jabetzean, busturiarrak Oteizari ekarpen ekonomikoak egiten hasi ziren, berak “egin behar zuena” egin zezan: “Gero eta diru gehiago nuen, eta orduan proiektu handiagoekin hasi nintzen. Nire hirugarren bidaian, Silvester Saint Memorial Nursery School zentroan komunak egin genituen”. Herritarrek, beraien ekarpenak zertan bihurtu ziren ikusita, hurrengo bidaietan ere dohaintzak egiten jarraitu zuten.
Ikastetxea bisitatu zuen lehen aldia ere gogoan dauka, orduan komunik ez izateaz gain, argirik ere ez zuelako eta teilatua “egoera oso txarrean zegoelako”. Hezkuntza zentroak 2 eta 6 urte bitarteko 154 ume hartzen ditu eta, askorentzat, eguneko otordu bakarra bertan eskaintzen dietena da: “Dirua bidaltzen hasi nintzen janaria ordaintzeko; gero, putzua ere egin genuen eskolarako eta, gainera, kanporako ere atera genuen ura. Komunitate guztiak erabiltzen du, eta beraientzat izugarrizko aldaketa eta hobekuntza da”. Azken egonaldian, zentroko paretetako baten zati bat margotu eta aterpe berri bat eraiki dute.
Laura Oteiza: “Harreman estua sortzen da azkenean, eta nire herrian banengo bezala nago bertan; nire herria da”
Horrez gain, At-Eye-Level elkarteak duen Mango School ikastetxean ere laguntzen dute, besteak beste, elektrizitatea jarriz edota komunekin eta uragaz lagunduz.
Beste proiektu batzuk ere baditu martxan Busturiko elkarteak, baratze komunitarioa martxan jarri baitute. Emakumeek soilik lan egiten duten “koopetatiba moduko” baratzea da. Ehun emakume gambiar ari dira lanean bertan eta, putzuak bazituzten ere, beraien jarduna zailtzen zien arazoa zuten uragaz: presio gutxi, iturriak egoera txarrean… Hala, egoerari irtenbidea emateko lanean dabiltza elkartekoak: “Emakumeak, herri guztia, oso eskertuta dago. Han esaten duten bezala, umeak eta emakumeak lagunduta, komunitate guztia laguntzen duzu”. Animaliekin ere arazoak dituzte baratzean, Euskal Herrian ez bezala, Sanyangen behiak aske ibiltzen direlako: “Pareta egitea proposatu zidaten, baina ia 2 kilometro dira. Urrian nire lehengusuagaz joan nintzen, eta pastor elektrikoa eraman genuen. Horregaz gabiltza orain”.
Entretenimendua, ihesbide
Gambiako ume eta gazteen errealitatea Euskal Herrian ezagutzen den horretatik urruti dago. Gambiarrek sare sozialen bidez “Europa denaren ideia” egiten dute euren buruan eta, ondorioz, “migrazioan pentsatzen” daude uneoro. Ume eta gazte horiei entretenitu eta dibertitu daitezen bestelako aukera eskaini nahi izan diete, eta bide horretan badakite “futbola oso garrantzitsua” dela. Horregatik. Bosto Star Football Academygaz lanean hasi dira. Futbolerako botak eta beste hainbat material eramateaz gain, Busturiko Ur-Zelai Futbol Klubeko bufanda eta bandera ere eraman zizkieten, eta “oso ondo” hartu zituzten. Esker ona adierazteko, Oteizak, akademiaren izenean, diploma bat eman zien busturiarrei.

Lanbidez medikua izanik, osasunaren arloan ere laguntzen du herrialde afrikarrean Oteizak. Beraien eragite eremu zentrala Sanyang bada ere, ia sei ordura dagoen Mansa Konkoko Community Health Nursing School erizaintza eskolan ere laguntzen du Kangbeng elkarteak: “Osasun materiala eramaten dugu; Gernikaldean edo Galdakaon material pila bat ematen digute eta bertara eramaten dugu”. Dohaintza hori egitea “polita” dela dio medikuak, izan ere, bertan ez dago ez medikurik, ez medikuntza fakultaterik: “Erizainak trebatzen dituzte bi urtez eta, gero, komunitate guztietara eraman. Gambiako komunitate bakoitzean erizain komunitario bat egotea nahi dute, eta mediku bezala oso ondo iruditzen zait”.
Ondorioa, Kangbeng
Herriko medikuaren misioagaz bat egin zuten zenbait busturiarrek hasieratik, elkartea sortzeko ideia izan aurretik ere bai, eta gaur egun oraindik bidelagun izaten jarraitzen dute, beraien ekarpenak eginez. Horiei Gambian egiten zituenak azaltzeko, hitzaldi bat antolatu zuen Oteizak urriko bidaia aurretik: “Bertan nagoenean ere jakinarazten diet zer egin dudan, baina proiektu bakoitzaren eboluzioa ikusi zuten. Izugarria da”.
Hitzaldi horren ondorioz hasi zitzaizkion elkarte bat sortzeko proposatzen, herrian zerbait egin behar zela uste baitzuten: “Laguntza gehiena Busturitik dator, ikaragarria da nola mugitu diren Gambia laguntzeko, nire bitartez, baina Gambia laguntzeko”. Hala jaio zen Kangbeng Busturia Gambia Elkartea, “herriagaz” egindako elkartea, izapide guztiak amaituta martxoaz geroztik ofiziala dena.
Elkarte direnetik gero eta gehiago dira misioaren berri dutenak eta gehiago dira baita ere, laguntzeko prest daudenak: “Futbol materiala batu dugu, diru kopuru handiagoa ere batu da; oso oso erantzun ona izan da”.
Guztien ekarpenak eta borondate ona “asko eskertzen” ditu Oteizak, baina Gambiako errealitatea hoberen ezagutzen duena izanik, “beharrezkoena” den dohaintza ekonomikoa dela aitortu du: “Han zerbait egin nahi baduzu dirua behar duzu. Guk materiala eraman dezakegu, eta eraman jarraituko dugu, baina gauza gehienak bertan erosten ditugu. Diruagaz joaten naizenean nahia hango jendeari lana ematea da: iturginak, soldatzaileak… dirua behar duzu”.
“Laguntza gehiena Busturitik dator, ikaragarria da nola mugitu diren Gambia laguntzeko“
Tokiko ekonomia mugiaraztea bilatzen du, horregatik, gogorarazi du, asmo onez egiten diren ekarpenak, esaterako, eskola materiala, ez dituztela behar, dirua eramanda bertan erosi dezaketelako eta, gainera, “merkeago”. Osasun materiala, berriz, bai behar dute, “bertan ez dagoelako”. Material eskasia dago, baina behar handia: “Aduanan lanbidea galdetzen didate, eta ‘doctor’ idazten dut. Beno, ba agenteek esaten didate hurrengoan sendagai asko eramateko”. Edonola ere, beti saiatzen dira ahal duten guztia eramaten, maleta goraino betez.
Kangbeng Busturia Gambia Elkartea osatzeak bidaiak ere “erraztu” dizkie materialak eramateari dagokionez; izan ere, segurtasun kontrolak elkarte bateko kide legez igarotzen dituzte.
Etxetik laguntzea
Oteizaren bidaien berri izan zutenetik, asko izan dira Gambiara laguntza presentzialki eskaintzera joan gura dutela esan dioten herritarrak, baina berak argi dauka “laguntza garrantzitsuena hemendik” egiten dena dela: “Hemen behar dira boluntarioak, diru laguntzak aurkitzeko, dohaintzak aurkitzeko… Guk ez dugu proiekturik bertan zerbait egiteko boluntarioak behar izateko. Bertara banoa eta iturgina behar badut, bertan badago; beraiek egiteko gai dira. Putzu bat egiteko eskatzen diezue, eta hiru egunetan eginda dago, baina dirua behar da”. Hala eta guztiz ere, norbaitek benetan egin dezakeen ekarpen bat balu, entzuteko prest daude beti.
Norbanakoen ekarpen ekonomikoak Instagrameko profilean ipinita duten kontu korronteak jasotzen dituzte normalean —ES60 2100 2422 8902 0028 5639—, baina “anonimotasuna mantendu” gura dutenak ere badaudenez, eskura emateko aukera ere badago. Gainera, informazioa zabaltzeko WhatsApp kanala ere badaukate.
Herriko talde ezberdinen kolaborazioa ere eduki dute. Ur-Zelaikoen —eta Gernikako kadete mailako nesken taldearen— bidez futbol botak eta materiala jaso zituzten eta, azken asteetan, Otsozulo Gaztetxekoek Oteiza “benetan hunkitu” duen keinua izan dute: San Kristobal auzoko jaietan antolatutako bingoan eskuratutako diruaren zati bat ere elkartera bideratu dute: “Keinu honek benetan hunkitu gaitu. Ez dugu hitzik eskuzabaltasuna eta elkartasuna eskertzeko”.
Ikasleak, Gambiagaz
Helduek bakarrik ez, eskualdeko gaztetxoek ere erakutsi dute Gambiarekiko eta batez ere, “laguntzeko konpromisoa” badutela. Horren adibide da, adibidez, Barrutialde Institutuko DBHko ikasleek Komunitateari zuzendutako proiektuak ikasgaia Kangbeng eta Adouna —Gambiako biztanleei euren bizi baldintzak hobetzen laguntzea helburu duen Busturialdeko elkartea— laguntzera bideratu izana.

Ikasturtean proiektu ezberdinak gauzatu ostean, bildutako material guztia eman zieten bi elkarteei: “Adounagaz harremana genuen aurretik, eta berriz ere kontaktatzea pentsatu genuen. Izan ere, Gambiaren egoera ezagutzeko proiektu bat egin genuen, eta ikusi genuen higiene oso txarra dutela: neskak hilekoa dutenean ezin dira eskolara joan eta, horregatik, konpresa berrerabilgarriak egin ditugu”, azaldu zuten ikasleek banaketa ekitaldian. Materiala erosteko zozketa antolatu zuten, eta soberakina ere elkartera bideratzea erabaki zuten; hala, Adounak konpresak eta dirua jaso zituen.
Kangbengi, berriz, beraiek egindako hortzetako pasta eta erosi zituzten bambuzko hortzetako eskuilak eman zizkieten aurreko batean, eta oraingoan, berriz, betaurrekoak. Betaurrekoen bilketa egiteko Gernika-Lumoko optiketan kutxak uztea erabaki zuten, jendeak erabiltzen ez dituen eta “egoera onean” daudenak utzi ditzan. “Oso eskertuta”, Gambiako ospitaletan erabiliko zituztela jakinarazi zien Oteizak.
Dohaintza materiala egiteaz gain, gambiarrekin harremana sortu nahi izan dute ikasleek aurten eta, horretarako, Gabonetan eskutitzak bidali zizkieten, eta erantzuna ere jaso zuten. Ikasleek nabarmendu zutenez, ikasturte honetan proiektuagaz amaitu badute ere, datorren ikasturtean “beste batzuek jarraituko” dute.
Medikuak maiz errepikatzen du ez dakiela zer duen berezitik Afrika kontinentaleko herrialde txikienak, baina, “zerbait badu”, eta hori ezagutu bitartean bidaiatzen eta laguntzen jarraitzeko gogoa eta ilusioa bizi-bizirik ditu. Zerbait berezia izan beharko du, 4.000 kilometrotik gora egonik ere eskualdeko ume, gazte eta helduek horren gertuko sentitzen badute.