Bermeoko Lamera senegaldar kulturaz jantziko da bihar
Senegaldar kultura eta borroka lau haizetara zabaltzeko asmoz, Bermeoko Lamerak Senegaldar eguna hartuko du, bihar. Hausnartzeko, ondo pasatzeko, eta gainontzeko kulturak ezagutzeko aukera izango da udalerrian, Bermeoko NDAWI Senegaldar elkartearen eskutik.
Argazkia: NDAWI Senegaldar elkartea. Senegalgo bazkari tipikoa, musika, dantzak eta Senegalgo borroka Bermeoraino helduko dira: bihar (uztailak 25) Bermeoko NDAWI elkarteak Senegalgo eguna antolatu du herrian, beste behin, egun osoko egitaraua eskainiz. Herenegun (uztailak 22) aurkeztu zuten egitaraua, oro har, Kabidxe Bermeoko Gune Sozial Autogestionatuan.
10:00etan emango diote hasiera egitarauari, Senegalgo musika eta jolasekin, Lameran. Gainera, ordu berean, Bermeoko Itsasgane futbol zelaia bermeotar senegaldarren futbol partiduaren eszenatoki bihurtuko da. Bazkaritarako ere bilduko dira, zelan ez, bazkari senegaldar herrikoiaz gozatuz. 18:00etan Borroka senegaldarra erakusketa egongo da ikusgai lameran bertan; antolatzaileek aurreratu dute bost euro ordaindu beharko direla erakusketa ikusteko. Azkenik, bufeta, senegaldar jantzien erakusketa eta beste horrenbeste bizitzeko aukera ahalbidetuko du Bermeoko NDAWI Senegaldar elkarteak. Nabarmendu dute, gainera, Bitor Uriarteri aipamen eta omenaldi berezia egiteko tartea ere izango duela egunak, egitarauari bukaera emateko.
Senegalgo eguna aurkezteaz harago, hausnarketa sakona ere egin zuten eguaztenean Kabidxen bildu ziren herritarrek, Gure itsasoko eta baratzeetako explotazio neokoloniala eta arrazista eten lelopean. Hala nola, LAB eta ELA sindikatuek eta NDAWI elkartekideek plazaratu zuten hausnarketa, biharko Senegalgo egunaren ildoa jarraituz.
Argi eta garbi esan zuten nekazaritzaren eta arrantzaren atzean ez dagoela tradizio idiliko bat, baizik eta “sistemak antolatutako lan-esplotazioa, erakunde-arrazakeria eta egiturazko borroka” dagoela, eta azpimarratu zuten horrek jatorri atzerritarra duten langileak “muturreko babesgabetasunean” bizi eta lan egitera behartzen dituela.
Egoera hori praktika neokolonial baten jarraipena dela jakin badakite, eta horrela adierazi zuten Kabidxen: “Hego Globaleko herrialdeak ustiatu dituzten logika berberak erabiltzen dira gaur egun gure portu eta baratzetan. Atzerritik datozen langileak eskulan merke, ordezkagarri eta eskubiderik gabeko gisa tratatzen dira, patronalari etekin handienak bermatuz haien bizitzaren eta osasunaren kontura”.
Horrez gain, Atzerritarren Legea mahai gainean jarri, eta administrazio-tresna bat izatetik urrun dagoela eztabaidatu zuten, “patronalaren mesedera dagoen arrazakeria estrukturaleko tresna bat” dela argudiatuz. “Pertsonak paperik gabe eta klandestinitatean mantentzean xantaiarako bidea errazten du: soldata miserableak, legez kanpoko lanaldiak, atsedenerako eskubide-eza eta bizi-baldintza osasungaitzak onartzera behartzen ditu”, azaldu zuten.
Batik bat, segurtasun-neurririk eza, nekatzeraino luzatutzen diren lanegunak eta babesgabetasun juridikoa aipatu zituzten “egiturazko erantzule” gisa, eta sakondu zuten esanez laneko heriotzak ez direla istripuak; “patronalaren eta erakundeen utzikeriak eragindako erailketak” direla.
“Ozen eta argi” salatuz
Gauzak horrela, LAB eta ELA sindikatuek eta NDAWI elkartekideek “ozen eta argi” salatu zuten Euskal Herriko baratze eta itsasontzietan gertatzen dena ez dela lan-gatazka isolatu bat, “lan-harremanen eta bizitzaren deskolonizazio sakona eskatzen duen arazo estrukturala” baizik. Horren harira, halaber, honako hauek eskatu zituzten: Atzerritarren Legea berehala bertan behera uztea, patronalaren erantzukizun zehatz eta penalak ezartzea, Lan Ikuskaritza irmo eta zigortzailea egotea eta antiarrazismo politiko eta praktiko baten konpromisoa hartzea.
Alegia, pertsona guztientzat eskubide berberak, babes berdina eta duintasuna beharrezkoak direla aldarrikatu zuten, eta zelan ez, biharko Senegalgo egunera bertaratzeko deia zabaldu zuten, guztien artean plazaratutako hausnarketarekin jarraitzeko eta senegaldar kultura lau haizetara zabaltzeko.