Mihise erraldoi bihurtuko da Gernika-Lumo uztailaren 26an
Arteskolaren ekimenez eta Kultur Etxearen laguntzagaz, Luis Iriondo V. Aire Zabaleko Margo Lehiaketa egingo da. Artistek udalerriko paisaiak, ondarea eta egunerokotasuna jasoko dituzte margolanetan.
Iazko lehiaketan 17 pintore batu ziren. Gernika-Lumo aire zabaleko mihise erraldoi bihurtuko da domekan [uztailak 26]. Arteskolaren ekimenez eta Kultur Etxearen laguntzagaz, Luis Iriondo V. Aire Zabaleko Margo Lehiaketa egingo da, eta ohi legez, pintoreek udalerriko eguneroko bizitza, ondarea eta paisaiak irudikatuko dituzte zuzenean.
18 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahalko dute. Goiz osoa edukiko dute euren margolanak egiteko. Gaia librea izango da, teknika modura, eta olioa, akrilikoa, akuarela edo teknika mistoak erabili ahal izango dira.

Iazko lehiaketak 17 parte hartzaile batu zituen.
Jardunaldia euskarrien zigilatzeagaz hasiko da, 09:00etatik 10:00etara bitartean, Kultur Etxean. Hortik aurrera, parte hartzaileak herriko gune ezberdinetan sakabanatuko dira, nork bere margolana egiteko. Foru Plaza, udaletxe inguruak, Kultur Etxea eta Bakearen Museoa izango dira artisten inspirazio iturri nagusiak, beste urte batez. 14:00ak aurretik aurkeztu beharko dituzte margoak.
Lehiaketak 2.600 euro banatuko ditu saritan. Irabazleak 1.000 euro jasoko ditu, bigarrenak eta hirugarrenak 600 eta 400 euro, hurrenez hurren. Gainera, herriko artista baten obra onenak 300 euroko saria jasoko du, eta herritarren botoek ere beste 300 euroko sari bat banatuko dute, beti ere epaimahaiak banatutako sariekin bat ez badator.
Aitortza. Ekimenak Luis Iriondo omenduko du, pintore autodidakta eta Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zen azkenetakoa. Bere ibilbidea udalerriko memoria historikoari estu-estu lotuta dago.