"Jai-guneek eraso matxisten foku izaten jarraitzen dute, eta protokoloa beharrezkoa da"
Gernikako Sare Feministak eta Enbatak elkarlanean osatuta, eraso matxisten aurkako protokoloa aktibatuko dute aurten ere San Lorentzo eta Andra Mari eta San Roke jaietan. "Herri guztia agente aktibo bihurtzeko" asmoz, eragile eta norbanakoen atxikimendua bilatu dute, eta gizonezkoekin ere lanketa egin dute. Uztailaren 21ean agerraldia egingo dute Pasealekuan.
Arlette Apraiz, Jone Amezaga eta Irati Agorria Gernikako Sare Feministako kidea. Azken hamar urteetan bezala, aurten ere eraso matxisten aurkako protokoloa aktibatuko da Gernika-Lumoko San Lorentzo eta Andra Mari eta San Roke jaietan, “emakumeontzat jai zein bizitza aske eta seguruak” bermatzeko helburuagaz. Gernikako Sare Feministak eta Enbatak elkarlanean ondu dute, erasoak “egunero” ematen badira ere, “Euskal Herriko ia jai eta jai-gune guztietatik” protokoloa aktibatu behar izaten duten berriak ailegatzen direlako, eta erasoei “erantzuteko beharra” dagoela uste dutelako. Gernika-Lumoko jaiak ez dira salbuespena: “2016tik ez dugu erasorik egon ez den jairik izan; modu batean edo bestean beti aktibatu da protokoloa. Gizarteak gero eta kontzientzia gehiago badu ere, jai-guneek eraso matxisten foku izaten jarraitzen dute eta, horregatik, protokoloa “oraindik ere beharrezkoa da” .
Erasorik ez erantzunik gabe lelopean jarduten du Gernikako Sare Feministak urte guztian zehar eta, jaietakoak “beste maila batzuetan” gertatzen diren erasoak izaten badira ere, horiei erantzun feminista eman behar zaiela uste dute talde feministakoek: “Herrian gertatzen den momentua dira jaiak, jende asko batzen dituzte, eta, eremu batzuk, izan txosnagunea, tabernak edo barrakak, oraindik ere emakumeentzako eremu seguru izatetik urruti daude ,eta urtero ikusten dugu horren berrespena. Eraso guzti-guztiei erantzuteko beharrizana dago”.
Urtez urte protokoloa garatuz joan dira, eta urteetako lanak “erreferente” bihurtu du protokoloa, herritarren eta bisitarien onarpena lortu baitute: “Pertsonaz harago doa, belaunaldi eta pertsona ezberdinek osatu dugulako urtez urte protokoloa. Leku askotatik entzun dugu ‘eskerrak bazaudetela’, eta ez bakarrik zerbait gertatu zaien horien ahotik”. Izan ere, prebentzio lana ere oinarrian du protokoloak. Talde feministek erasorik gabeko jaiak dituzte helburu baina, bitartean, “positibotzat” dute jendeak protokolora jotzea. Gainera, beraiek “gehiago” izatea nahi badute ere, erasoei erantzutea “ardura partekatu bihurtzen” ari dela uste dute.
Herri guztian eragina. Sare feministakoek “ardurak hartzeko garaia” dela aldarrikatu dute, eta horretan ipini dute fokoa aurten, eraso matxistei erantzutea “ez dagokiolako soilik mugimendu feministari”. Horregatik, San Lorentzo eta Andra Mari eta San Roke jaietan eman daitezkeen erasoei erantzuteko prest badaude ere, talde feministetakoak pauso bat harago joan eta eragile eta norbanakoen atxikimendua bilatu dute, “kontzientzia piztu eta denok lehen pertsonan hitz egiten hasteko”. Atxikimendu hutsak baino, protokoloari begirako “subjektu berria” aktibatzea bilatzen ari dira: “Ez dugu ezezkorik jaso, baina oraindik lanean ari gara; erantzun batzuen zain gaude, batzartuzeko eta hausnartzeko eskatu diegulako. Ez dugu baieztapen hutsik nahi, batzartu edota lanketa egitea baino”.
Uztailaren 21ean 18:00etan Pasealekuan egingo duten agerraldian jakinaraziko dituzte atxikimenduak eta xehetasun guztiak, eta banako eta eragile guztiak bat egitera gonbidatzen dituzte.
Atxikimenduak bilatzeaz gain, protokoloaren eragin-espazioetan ere jauzia ematea dute helburu: “Orain arte txosnagunean esku-hartzeko bitartekoak izan ditugu gehienbat, eta beste edonondik deituz gero, bertaratu izan gara; ez dugu horrenbesteko gaitasunik izan antolatzeko. Aurten, berriz, gure eragite eremua herria dela planteatu dugu, jai-gunetik eta emakumeak etxera ailegaten garen unera arte estaliko du”.
Herri guztia agente aktibo bihurtzeagaz batera baina, bitartekoak eskaini behar dituztela sentitu dute sustatzaileek, nola jokatu ez jakiteak “ezer ez egitea” ekar dezakeelako. Horregatik, bi jarduera ildogaz lan egingo dute aurten: ohiko erantzun antolatuez gain —telefonoa, brigada, besokoak…—, erantzun autonomoetarako deia ere zabaldu dute; hau da, brigaden esku-hartze gabe eraso bati feminismotik erantzuteko deia: “Badakigu arrisku batzuk egon daitezkeela, eta horrek eraman gaitu, hain zuzen ere, gutxieneko irizpideak ezartzera eta marra gorriak finkatzera; behin eta berriz errepikatuko ditugu, eraso baten aurrean jarraitu beharreko pausoak denek ezagutzeko. Gainera, gure protagonismoa gutxitzeko asmoz bagatoz ere, gu ere bertan egongo gara une oro”.
Gizonezkoekin lanketa. Aurten, erasoen aurrean jarduteko prest egon daitezkeen gizonezkoekin ere lanketa egin nahi izan dutela azpimarratu dute, horien gorputzetik agente izateko modua zein izan beharko litzatekeen hausnartzeko: “Gernikan zein beste herri batzuetan gailendu den jarrera da feminismoaren izenean, erasotzailea jipoitu edo erasotzea, batez ere, atzerrikoa edo arrazializatua bada. Kuadrillakoa den kasuetan, ez dugu erantzun berbera aktibatzen, eta hori ezin da horrela izan. Gizonezkoek baliabideak hartu eta hausnartu dezatela bilatu nahi dugu, zer egin dezaketen ezagutzea”.
Erasoen aurrean aktiboki jarduteko deia “protokoloa kolektibizatzeko” eta eragileak herritarrak erantzuna ematera deitzeko agente aktibo bihurtzeko urratsa izan daitekela ere uste dute: “Desnormalizazioa behar dugu. Aurreko gauean eraso bat egon bada, hurrengo egunetako erantzunak inplikazioa izatea behar dugu”. Era berean, Enbatak urtero Andra Mari egunez [uztailak 15] egiten duen manifestazioagaz bat egiteko deia ere zabaldu dute.
Artatzeen garrantzia. Erantzun autonomoez gain, Gernika-Lumoko Sare Feministak eta Enbatak jaietan eman daitezkeen eraso matxisten aurrean erantzun antolatua bermatuko dute: “Erantzun antolatuetan gu egongo gara; batzuk urte asko daramatzagu protokoloa garatzen eta urtero jasotzen dugu artatze profesionaleko formakuntza txiki bat, gu ez garelako profesionalak eta uste dugulako garrantzia handia duela erasotuarekiko lehen momentuan egiten den artatzeak”.
Horrenbestez, aurten ere txandak edo brigadak egingo dituzte gauez —21:00etatik goizaldera arte—, eta horretan artatzeko “prestatuago” dauden kideak egongo dira; gainera, laguntza emateko prest dagoen emakume taldea ere egongo da, “kanporaketa antolatuak bideratzeko WhatsApp taldera sarbidea edukiko duena”. Azken urteetan bezala, emakume horiek begi kolpez identifikatu ahal izateko, besoko morea eramango dute: “Pertsona hori brigadakoa ez bada ere, laguntzeko gutxieneko ezagutza batzuk izango ditu, eta erantzun edo artatze bat aktibatu behar izanez gero, errazagoa izango da, brigadakoekin harreman zuzena edukiko baitu”.
Beste inplikazio maila batean, bigarren lerroan jartzeko prest dauden emakume edota gizonezko aliatuak egongo dira, pegatina adierazgarria eramango dutenak: “Lehen lerroa emakume edota gorputz disidenteena dela jakinda, gutxieneko esku hartzea egiteko prest egongo dira”. Horrez gain, jaiek iraun bitartean 24 orduz martxan egongo den telefono zenbakia egongo dela gogoratu dute: 613 84 96 22.
Eraso matxistei ematen zaien erantzuna “kalekoa eta feminista” izan behar denaz konbentzituta badaude ere, artatze benetan profesionala bermatu ahal izateko, instituzioek baliabideak jarri behar dituztela aldarrikatu dute. Gernika-Lumoren kasuan, Gernikako Sare Feministakoek urteak daramatzate “Gernika-Lumoko Udalak betetzen ez duen hutsune bat betetzen”. Izan ere, udalak barne protokoloa jarri du martxan azken urteetan, besteak beste, puntu morea ezarriz. Baina, talde feministakoen iritziz, horrek “ez du jaiei begirako helburu adierazgarririk bete” eta, horregatik, arreta profesioalaren beharra helarazi zieten udal ordezkariei. Gaur gaurkoz, “erantzunaren zain” jarraitzen dute.
Halaber, emakumea bertaratzea erasoei erantzun instituzionala emateko baldintza izatearen kontra ere agertu dira talde feministetatik: “Uste dugu eraso baten berri dagoenean edota salatzen denean, udalak edo insituzioek erantzun horretan parte hartzeko konpromisoa hartu beharko luketela”.