Emakume errepresaliatuen memoria berreskuratzeko erakusketa inauguratuko dute
Zapatuan (uztailak 25) jarri dute Sukarri elkarteko kideek hitzordua, Sukarrietako eta Kanalako emakume errepresaliatuen izenak ezagutarazteko, eta memoria berreskuratzeko ariketa kolektiboa egiteko. Sukarrietako Udaletxe pareko plazan bilduko dira, 18:00etan.
Sukarri elkarteak Gerra Zibilean eta gerraosteko diktaduran errepresaliatutako Sukarrieta eta Kanalako emakumeen izenak ezagutarazteko eta horiei ikusgarritasuna emateko erakusketa inauguratuko du zapatuan (uztailak 25), 18:00etan, udaletxearen pareko plazatxoan. Egunean bertan erakusketa bisitatzeko aukera izango den arren, abuztu guztian zehar ere emakume errepresaliatuetaz gogoratzeko kutsua sortuko dute herrian, erakusketa handik eta hamendik mugituz. Jakinarazi dute oraindik abuztuko kokapen zehatzik ez dutela, baina datozen asteetan jakinaraziko dutela horren inguruko informazio guztia.
Sukarri elkartea —Sukarrieta-Kanalako Emakumeen Elkartea— 2024an sortu zen, eta urte bereko martxoaren 8an erregistratu zuten ofizialki. Uda hartako bilera batean abiatu zuten zapatuan inauguratuko duten memoria historikoa berreskuratzeko egitasmoa, eta irailean hasi ziren lehen ikerketa lanekin, gaineratu dutenez. 2025eko maiatzean Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza eskatu zuten, eta irailaren 1ean jaso zuten proiektua garatzeko onarpena. Ordutik, ikerketa eta dokumentazio lanetan “buru belarri” murgilduta aritu dira.
Gerra Zibilean eta Gerra Ostean Errepresaliatutako Sukarrieta-Kanalako Emakumeak Ezagutaraztea izeneko proiektuaren helburua “udalerrian eta inguruan bizi izan ziren emakume horien historia berreskuratzea eta gizarteratzea” dela nabarmendu dute, ze, elkartekideen arabera, Sukarrieta eta Kanalako “gutxienez hamaika emakumek” pairatu zituzten kartzelaldia eta errepresio politikoa, horietan guztietan “ideologia, afiliazio politikoa edo egoera soziala” zela medio.
“Gaur egun hilda daude guztiak, baina haien senideetako batzuk oraindik herrian eta inguruko komunitateetan bizi dira. Beraz, emakume hauek gure komunitatearen memoria kolektiboan irauten dutela erakutsi nahi dugu. Izan ere, denborak aurrera egin ahala, geroz eta pertsona gutxiago jabetzen dira haien existentziaz, herriaren bizitzan izan zuten rolaz eta sufritu zutenaz. Emakume horien historia, tamalez, ahanzturara pasatzen ari da“, azaldu dute, eta argi eta garbi adrazi dute horren kontra borrokatuko dutela.
Protagonistak
Ikerketaren bidez bildutako izenen artean daude, besteak beste, Susana eta Celia Arrasate Abendaño, Elena Bajineta Ortuondo, Nikole Atxikallende Iturri, Madalen Tribisarrospe Asteinza, Juana Algorta Olaeta, Jesusa eta Carlota Urrutxua Urizar, Maria eta Abelina Portugalete Zarandona eta Salvadora Arrasate Zarrabeitia.
Gauzak horrela, memoria historikoa berreskuratzeaz gain, proiektuak beste helburu bat ere baduela aurreratu dute: Sukarri elkarteko kideen gaitasun digitalak indartzea eta digitalizazioarekiko “konfiantza handitzea”, ikerketa prozesuan teknologia berriak erabiliz.
Egitasmoa Bizkaiko Foru Aldundiaren Berdintasun Sailaren eta Sukarrietako Udalaren laguntzarekin gauzatu dutela azpimarratu ere egin dute, biei eskerrak emateaz gain, eta zelan ez, herriko eta ingurukoak animatu dituzte zapatuan erakusketaren inauguraziora bertaratzera eta antzinako memoria berreskuratzeko ariketa koleltiboan parte hartzera.