Euskara sustatu eta udal-baliabideetara sarbidea errazteko webgune berria sortu dute
Argazkia: Gernika-Lumoko Udala Gernika-Lumoko Euskara Sailak euskararen sustapen eta normalizazioagaz lotutako webgune berria jarri du martxan, udal informazio, zerbitzu eta baliabideak espazio digital bakarrean biltzeko helburuagaz. www. gernika-lumo- euskaraz.eus atariagaz informaziorako sarbidea “erraztea” eta erabiltzaileei nabigazio “errazagoa eta intuitiboagoa” eskaintzea bilatu dute.
Baliabide digital berriaren bidez, herritarrek Euskara Zerbitzuaren jarduera ezagutu eta udalaren programa ezberdinetara sarbidea izateaz gain, norbanako, ikastetxe, enpresa eta merkatariei zuzendtako baliabideak kontsultatzeko aukera ere badute. Gainera, euskara ikasteko eta euskararen sustapenerako proiektuak garatzeko laguntzen deialdiak, udalaren argitalpenak, euskara normalizatzeko plan estrategikoak, sentsibilizazio kanpainak… bertan daude eskuragarri.
Errumanierazko atal berezia ere badu atari berriak, udaletik adierazi dutenez, “udalerrian presentzia handiena duen atzerriko komunitateetako bati zuzenduta”: “Espazio honek berain ama-hizkuntzan azaltzen du zer den Euskara Zerbitzua, non dagoen, ze baliabide eskaintzen dituen eta ze aukera dauden euskara ikasteko eta udalak bultzatutako ekimenetan parte hartzeko”.
Horrez gain, Euskara Zerbitzuaren egitura eta funtzionamendua ere bistaratuko ditu webguneak, besteak beste zerbitzua osatzen duten pertsonak identifikatzea erraztuz eta udalak indarrean dituen lan-ildoak argituz; Euskara Sustatzeko 2023-2027 Plan Estrategikoa ere kontsultatu daiteke.