Hurbileko elkarrizketak, atmosfera magikoan
Silvia Perez Cruz.Haziberri Seigarren urtez, Haziberrik bestelako proposamena ekarri du Gernika-Lumora. Hasierarik ederrena eman zion atzo [uztailak 15] Esanezinek, eta Silvia Perez Cruzen ahotsak beteta, amaiera berezia eduki zuen jaialdiak. Tartean, urteak igaro arren presente jarraitzen duten kantekin gozatu zuten, Gari eta Maldanberako lagunekin.

EsanezinHaziberri
Sarrerak agortuta eta parkea beteta, Europako Herrien Parkean “giro bikaina” nagusi izan zela nabarmendu dute antolatzaileek. Esanezinek ireki zuen jaialdia, eta lehen akordetik argi geratu zen ez zela izango ohiko gaua; abesti bakoitzarekin, emozioz eta indarrez bete zuten atsedengunea. Jarraian, Gari & Maldanberaren txanda izan zen, eta abestiz abesti, askoren bizitzen soinu banda errepasatu zuten.

Gari & Maldanbera.Haziberri
Ondoren, aurtengo kartelburuak “atmosfera magikoa” sortu zuen; une batez denbora gelditu zela sentitu zuen publikoak. Kontzertu “oso hipnotikoa eta berezia” izan zen. Gainera, askok ezusteko ederra hartu zuten; izan ere, hainbat eta hainbat urtero joaten dira Haziberrira artistak ezagutzeko gogoarekin, eta horiei ez zien hutsik egin Palafrugelleko musikariak: “Jendea musikariekin asko konektatzen ikusi genuen, eta aipatzeko da Silvia Perez Cruzen kontzertua; ez da erraza geure eskualdean eta inguruan horrelako kontzertu bat ikustea. Badakigu jende askok ez zuela ezagutzen, eta uste dugu oso harrituta geratu zirela. Sei urtetan batu dugun artisten errepertorioan mugarria izan da Silvia Gernikara ekartzea, Haziberrira ekartzea; izen handiko artista da”. Punta-puntako artista da, sakontasun artistiko handikoa, eta Oral_Abissal bere azken lanaren lauko formatudun aurkezpena plazaratu zuen.
Haziberrik xarma eta ezaugarri bereizgarriak ditu; artistek eta publikoak bat egitea lortzen du, eta arduradunek esan bezala, horien artean hurbileko elkarrizketa sortzen da urtez urte: “Gure egiteko modua da espazioa bera ahalik eta gehien errespetatzea, bertan dauden berezko baliabideak edo elementuak (arbolak, maldak…) ikuskizunaren alde aprobetxatzea. Egiteko modu horrek artisten eta publikoaren arteko hurbileko elkarrizketa bat sortzen du, hurbileko konexioa. Hori sortzen da parkean, eta artistek eurek esaten dute badagoela zeozer berezia parkean bertan, eta publikoak ere horrela bizi du. Ez bakarrik kontzertu guneak, parkeak bere osotasunean, atsedenguneagaz, jateko eta edateko eskaintzagaz, jendea gustura egotea eragiten du”. Ikuskizuna, publikoa eta artistak “mimo handiz” zaintzeko ahalegina egiten du antolakuntzak, eta horrek emandako fruituak agerikoak dira: “Artistak oso pozik egon ziren. Parkeak berak sortzen duen atmosferarekin eta publikoarekin sortzen den konexiorekin harrituta geratzen dira. Ez dago sortuta horrelako ikuskizun bat egiteko, ez da horretarako sortuta dagoen espazioa, baina ematen du horretarako sortuta dagoela”.
“Oroitzapen berriak sortzen” jarraitu dute, eta esker onez daude jaialdiaren arduradunak. Haziberriren sarea osatzen duten denei eskerrak eman dizkiete: publikoari, jaialdian parte hartzen duen jendeari, langileei, boluntarioei, laguntzen dieten erakundeei, eurekin lan egiten duten enpresei…

Silvia Perez Cruz.Haziberri