Errepide ertz idorrenean hazten den lorearen pare
Bost urteren ostean, Silvia Perez Cruz Gernikan oholtzara igoko da berriz. ‘Oral_Abissal’ bere azken lanaren lauko formatudun aurkezpena izango da VI. Haziberri Festibalaren gailurra. Palafrugelleko musikariak Gari&Mandanbera eta Esanezin taldeak izango ditu bidaide Europako Herrien Parkean.
Silvia Perez Cruz, Haziberri Festibalean lagun izango duen hirukoteagaz.Carolina Pajares Gonzalez Bada mundu bat egur eta sustraizkoa, mundu bat etxe eta okela usainezkoa, epela, kantu kolektiboarena, ama guztiena, amodio eta desamodiozkoa, joan-etorrikoa, lore eta eztarrizkoa. Orala. Beste bat ere bada, bilaketaduna, onirikoa, ahots introspektiboarena, sakonaren sakonarena, amildegikoa, leizearena, kristalak zulatua, gauarekin doana. Abisala.
Silvia Perez Cruzek bi munduok uztartu ditu bere azken obran: Oral_Abissal. Lehenak kolektibotasunari eta bigarrenak norbanakoari keinu egingo ziolakoan ondu du kataluniarrak bere azken obra, baina abian dituen zuzenekoek erakutsi diote “ez dela guztiz hala”. Ni-a defendatzen du, ni guztiak; horixe da gu-a defendatzeko bidea. Kontzertuek erakutsi diote gauza orok duela “bere ertz kolektiboa zein indibiduala”. Angelu eta erpinen puzzlea osatzera dator azken albuma, eta puzzle horrek bere piezatxoa edukiko du uztailaren 15ean, VI. Haziberri Festibalaren oholtzan.
Lanaren zati oralean, “den-denek eskurik esku” abesteko kantuak ondu ditu. Alderdi abisalak, ustez “iluntasuna eta samina” barnebilduagatik ere, “karga soziala” jorratzen du esangura aldetik, eta “artisten kolektibotasuna”, hura taula gainera eroaterakoan. Norberarenari barik, “guztien penei” abesten dio azken lanak, “loreak eta bihotzak ureztatzeari”: “Elkar zaintzea da iraultzarik handiena; indibidualismoaren inpunitatearen aurrean, kolektiboaren edertasuna aldarrikatu gura dut”.
Silvia Perez Cruz: “Elkar zaintzea da iraultzarik handiena; indibidualismoaren inpunitatearen aurrean, kolektiboaren edertasuna aldarrikatu gura dut”
Bada mendi bat, Parnaso deitzen diotena. Parnaso izan daiteke garai edo toki bateko olerkari guztiak beren olerki guztiekin gordetzen diren txokoa. Parnaso da poetak inspirazio egarriz bilatzen duen iturria. Oral_Abissal-ek kantariaren azken influentziak biltzen ditu, bere Parnaso propioan. Izan chacarera argentinarra, izan Jota.pêren Brasil; txanponak aurpegian du Björken Islandia, eta ifrentzuan Palafrugell bere jaioterria. “Nire nortasuna likidoa da, estiloetatik harago doa, baina ezin ahaztu nitzake musika eta bizitza bestelako modu batzuetara ulertzen irakatsi didaten herrialde, artista zein influentziak”.

Silvia Perez Cruz kataluniarra.Colors Studio
Oral eta Abissal “oso bereizita” ageri dira lanean: “Musika, eduki eta irudi aldetik”. Egurra eta haria nagusi dira mundu larrosan, oralean: gitarra, biolina, biolontxeloa eta kontrabaxua; ekoizpena, ostera, “gela baten parekoa” da. Mundu urdina, abisala, metalezkoa da, ilunagoa: tronpa edota zeharkako txirula ditu, sintetizadorez edota loop-ez jantziak. Zati horren ekoizpenak entzulea “zelanbait galtzea” du jomuga: “Ezin jakin zenezake amets edo katedral batean zauden”. Jakin ezin horrek tontorra harrapatzen du Mar de Na Catalina koralean nahiz El primer beso-n.
Bakarrik egiterik ez.
Bada ate bat ilusioa eta antsietatea logela berean gotortzen dituena. Ate bat, bakardadean jaiotakoa jendartean hezteko afanez eta jendaurrean aurkezteko grinez irekitzen dena. Ate bat, sormenarena. “Emozio bat —argitsua zein goibela— transformatzea, berez, egin litekeen lorpenik handiena da; hondokoa azaleratzeak zoriontsu egiten nau. Nago eskoletan transformazio artistikoa landu beharko luketela: sentsazioak artearen bidez kanalizatzea”.
“Nago eskoletan transformazio artistikoa landu beharko luketela: sentsazioak artearen bidez kanalizatzea”
Oral_Abissal bere hazi berria “bakarka, inpultsiboki eta pazientziaz” ereinda ere, albuma konponketaz ureztatzeak asko izan du “artisautza eta konpartitzetik”. Grabaketek, berriz, “alkimia eta magiatik” edan dute. Zuzenekoei dagokienez, Carlos Montfort, Marta Roma eta Bori Albero dituzte gurdizain. Aurkezpen birak, hori bai, lantalde “erraldoia” eduki(ko) du plaza batzuetan: sekzio koral, sinfoniko, teladun nahiz arropa aldaketadun atrezzo eta argiteria aldakorragaz.

Ezker-eskuma: Roma, Albero eta Monfort; erdian, Perez Cruz.Alex Rademakers
Plaza bakoitzak eskaintzen nahiz eskatzen duena beren-beregi aztertzen du kataluniarrak eta, hala, Haziberriko oholtzan “formatu intimoagoaren alde” egin asmo du: “Laukotea taularatuko gara —Montfort, Roma, Alberto eta bera—, espazio eta agertoki horretarako egokiena delakoan. Bidaide ditudan musikariek euren artean sintonia gaindiezina lortu dute, musikaren mugez harago doana. Biran hamabost edo hogei lagunen artean ondutakoa lauko formatura moldatzen gabiltza, eta Gernikan gure mezua lauko kode horretan ahalik eta argien transmititzen saiatuko gara: haikua bailitzan, elementu gutxirekin asko esaten“.
Aldaketa sonoro gutxiagogaz, ikuslearentzako espazio musikal “zabal eta dentsoagoa” izango du emanaldiak: “Tela, atrezzo eta aldaketa handiak albo batera lagako ditugu, eta gauza sotilagoak bilatuko. Gogo handia dut lauko formatua zuzenekoetara eroateko, bere txikitasunean sentsazio intimo eta hurbila helarazi baitezakegu, trantsizio sakonagoekin”.
“Gernikan gure mezua lauko kodean ahalik eta argien transmititzen saiatuko gara: haikua bailitzan, elementu gutxirekin asko esaten”
Albuma formatu horretara moldatzeak, baina, ez die “berritasun handiegirik” suposatuko. Izan ere, azken lan luzeak, 2023ko Toda la vida, un día-k, “asko” zuen formatu horretatik. Ez hori bakarrik: azken albuma orduko, laukoteak Uruguain egonaldia egin zuen, musikaz harago, euren arteko “elkarbizitza bertatik bertara” dastatzeko. Jarraian, lehen hezurdura hari tronpak erantsi zizkioten, Parisko Olympia entzutetsuan.
Bada itsaso bat, iluna eta krudela, bizitzak irensten dituena. Mar Muerto albumaren laginik “sozialena” da. Perez Cruzek itsasoan bizitza hobe baten atezuan beren bizitza arriskatutakoen benetako testigantzak bildu ditu: “Open Arms GKEari eskatu nizkion, eta Soly Malamine eta Mouhammad senegaldarren ahotsak integratu ahal izan genituen, beren ama hizkuntzan. Arteak ateak zabaldu behar dizkio aldarrikapenari”.
Gogoratzea itzultzea delako.
Denborak, errekak nola, bere bidea egin du, Perez Cruzek Gernikan oholtza zapaldu zuenez geroztik. Bost urte ez dira berehalakoan igarotzen. 2021eko uztailean, Lucas eta Publio Delgadok gonbidatuta, Astran taularatu zen, haien kontzertuaren hondarrean kantu pare bat abestera. Akorduan du data hura: “Gogoan dut armagintza fabrikatik kulturgintza faktoriarako eraldatzea azaldu zidatela. Horra hor lehen aipatutako transformazio artistikoaren handitasuna“.
“Gogoan dut 2021ean Astraren armagintza fabrikatik kulturgintza faktoriarako eraldatzea azaldu zidatela. Horra hor transformazio artistikoaren handitasuna”
Bada toki bat, loreek eta dezibelek bat egiten dutena; aspaldi ikusi gabekoak zein egunez egun alboan direnak espazio berean jesartzen dituena; bertatik eta bertarako pentsatua. Izan egunik luzeenak usaintzeko, izan bizitza bera ospatzeko. Bada toki bat, mundu oral kolektiboari gorazarre egiten diona. Zuhaitz zaharren azpian gaur eta biharko hazi berriak dakartzana. Gaur egun abisalenetan abisalena dirudien mundu baten erdian baldin bada ere. Errepide ertz idorrenean hazten den lorearen pare.