Literatura, ohiko espazioetatik kanpo
Ikasleentzat ikasteko espazio dira batik bat liburutegiak, baina, oro har, gozamenerako topaguneak dira; atseden hartu, ohiko lan eta arduretatik aldendu eta irakurketa atseginaz gozatzeko guneak dira. Horregatik, zenbait udal liburutegiek euren zerbitzuak kalera ateratzeko apustua egiten dute udan, eta horren adibide dira Bermeo, Mundaka eta Gernika-Lumokoa.

Bermeo Udako Liburutegia Talan dago.
Bermeoko Udako Liburutegia astelehenean zabaldu zuten, eta abuztuaren 8ra bitartean, askotariko eskaintza bilduko du Talan. Arduradunen hitzetan, “itsasoaren ondoan irakurketaz eta aisialdiaz gozatzeko aukera eskaintzen du”.
Ume, gazte eta helduentzako irakurgai eta materialez gain, aldizkariak bertan irakurri zein etxera eroateko aukera dago, eta horrekin batera, liburuak etxera eramateko mailegu-zerbitzua eskaintzen du udako liburutegiak. Gainera, astean behin umeentzako tailerrak egiten dituzte.
Ordutegiari dagokionez, astelehenetan 16:00etik 19:00etara dago zabalik, martitzenetik barikura, 11:00etik 14:30era eta 16:00etatik 19:00etara eta zapatuetan 11:00etatik 14:30era.
Mundakako Kale Liburutegia Txorrokopuntan dago aurten ere. Abuztuaren 14ra bitartean, astelehenetik barikura, 16:30etik 19:30era arteko ordutegia dauka, baina uztailaren 22an eta 31n itxita egongo da.
Liburutegiko eskaintza osatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte. Aurreko astean, Ipuinak jo eta musikak kontatu ipuin kontaketa musikatuan elkartu ziren umeak, Badut taldeko kideen eskutik, eta gaur eta bihar, berriz, Artea Naturan eskulan-tailerrak egiteko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. 9-10 urte bitartekoek poltsak eta jokoak egin ahalko dituzte gaur, eta biharko, 11 urtetik gorakoei zuzendutako margoketa saioa prestatu dute.
Uztailaren 29rako familiarteko klown antzerkia iragarri dute; Apika taldeko Monda Lironda Pailazoek Desioak antzezlana eskainiko dute, 18:00etatik aurrera.

Gernika-Lumoko Liburutegia Plazara.
Gernika-Lumoko Liburutegia Plazara kultur etxeko arkupean dago, eta astelehenetik barikura eskaintzen du zerbitzua 10:00etatik 14:00etara bitartean.
Horrez gain, Letren Etxea liburutegi ibiltaria ere auzorik auzo ibiliko da udan: uztailaren 24ra arte Santa Luzian dago, uztailaren 27tik abuztuaren 7ra San Juan Ibarran egongo da, eta abuztua 19tik 31ra Lorategietan. Eskaintza horren barruan, Panpurrio Sorginaren ipuin-kontaketa saioak antolatu dituzte; aurreko astean Santa Luzian egon zen, uztailaren 27an San Juan Ibarran egongo da 18:00etatik aurrera, eta abuztuaren 19an, ordu berean, Lorategietan ariko da ipuinak kontatzen.
Bestalde, Gernika-Lumoko Kultur Etxeak, berritasun modura, Animalibu sortu du. Espazio horrek literatura eta animalien mundu zoragarria batzen ditu Elai Alai aretoan. Hain zuzen ere, Gernika BHIko Arte Batxilergoko bolumen taldeko ikasleek egindako animalien figura handi batzuk ipini dituzte, umeen gozamenerako. “Udan merezitako atsedena hartzen dugu, eta liburutegia gozamenerako espazio bilakatzen da, gure plazak eta auzoak jarduera ludikoagoekin partekatzeko leku bihurtzen dira, elkartzeko gune, eta aisialdi eta entretenimendu partekatuaz gozatzeko leku”.

Animalibu.