Herria janztera datorren udako azoka, ate joka
Gernikako Merkatari Elkartuak elkarteak Summer Market udako azoka txikia antolatu du bariku [uztailak 17], zapatu eta astelehenererako [uztailak 20]
Urterokoari eutsita, Gernikako Merkatari Elkartuak elkarteak Summer Market udako azoka berezia antolatu du astebururako. Urtean zehar erosketak udalerriko komertzioetan egiten dituzten bezeroei eskertza egiteko modua da azoka eta, horregatik, barikuan [uztailak 17], zapatuan [uztailak 18] eta astelehenean [uztailak 20] bitartean produktuak “prezio berezietan” erosteko aukera izango dute: “‘Eskerrik asko urte guztian erosketak gure etxean egiteagatik’ esateko modu bat da”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Merkatari elkartearen helburua “herri guztiak disfrutatzea” da eta beraiek nabarmendu bezala, “ez dutetenez merkataritza zerbitzu-sektore barik ezagutzen”, proposamena erosketak “prezio ezinhobean” egin eta gero tabernaren batera jan-edanagaz gozatzera joatea da. Ahalik eta jende kopuru handienerako iristeko helburuagaz, azoka oinezkoentzako pentsatutako kaleetan egingo dute, hala nola; Ocho de Eneron, Artekalen, Barrenkalen, Barrenkale-Barrenan eta Andra Marin. Hala, bariku eta astelehenean, 10:00etatik 20:00etara, denetariko produktuek hartuko dituzte kaleak; zapatuan, berriz, ordutegia 10:00etatik 14:00etara artekoa izango da.
Summer Marketaren aurreko aldiek izango erantzuna “oso ona” izan dela azpimarratu dute, udako eta neguko azoketara hurbiltzen den publikoaren profila “ezberdina” dela baieztatzeagaz batera: “Uda inguruan udatiar asko daude inguruan eta beraiei herria erakusteko beste modu bat da, merkatariak eta jendea kalean daudela ikusten dutelako; negu aldera baina, ezberdina da. Ez dago turismo handirik, herriko edota inguruko jendea da gehiena”. Edonola ere, bisitariak zein herrikoak izan “esker onez” denentzat lan egiten dutela gogoratu dute: “Guretzat denak dira bezeroak”.
Hori horrela, bertaratzera animatu dituzte asteburuan ingurutik ibiliko diren guztiak, eguraldia lagun izango dutelako eta gainera, azokak “benetan gauza interesgarriak” eskainiko baititu: “Jendeak herrian eta herriagaz disfrutatzea berreskuratu nahi dugu, ez daitezela etxean geratu. Etxea beti dugu hor, baina kalera itzuli behar gara, jendearekin harremantzea berreskuratu behar dugu”.