Gernika-Lumo herri kudeaketa jasangarri eta eraginkorrean "erreferente" bihurtu duten ekimenak bistaraziz
Hondakinak eta Ingurumena Kudeatzeko Elkarte Teknikoak Platinozko Erratza aitortu dio berriro ere Gernika-Lumori, eta udalak aitortzaren zergatiak herritarrei hurbiltzeko erakusketa ipini du Domingo Alegria plazan.
Gernika-Lumok administrazio publikoek eta erakundeek hiri garbiketaren, gaikako bilketaren eta hondakinen kudeaketaren arloan garatutako jardunbide, ekimen eta berrikuntza onenak saritzen dituen Platinozko Erratza jaso du berriro Gernika-Lumo Udalak herritarrei izendapenaren zergatiak hurbildu gura dizkie, udalerria “erreferente” bihurtu duten “aurrerapenak” informazio-stand batean azalduta. Domingo Alegria plazan kokatu dute, eta datorren egunetan libreki bisitatu ahalko da.
Informazio-guneak Hondakinak eta Ingurumena Kudeatzeko Elkarte Teknikoak (Ategrus) egindako aitortzaren nondik-norakoak azaltzen dituen dibulgazio-bideoa du erdigunean, “udalak azken urteoetan udal-zerbitzuak modernizatzeko, ingurune-inpaktua murrizteko eta hiri-eredu iraunkorrago baterantz aurrera egiteko bultzatu dituen neurri guztiak ezagutzeko”.
Aurtengoa ez da Gernika-Lumok Platinozko Erratza jaso duen lehen aldia eta, horregatik, erakusketagaz udalerriak Ategrusekin izandako ibilbidea errepasatu nahi izan dute; izan ere, 2014an hiri-zerbitzuen garbiketako zerbitzuen hobekuntza aitortzen zuen Urrezko Erratza jaso zuten eta lau urte beranduago, 2018an, berriz, lehenenego Platinozko Erratza. 2022. urtean berriro jaso zuen aitortza bera, eta iazkoagaz, jasangarritasunaren, berrikuntzaren eta zerbitzu publikoen kalitatearen arloan “etengabeko aurrerakuntzen hamarkada finkatzea” lortu dutela azpimarratu dute.
Hala, Domingo Alegria plazara bertaratzen direnek Gernika-Lumon garatu diren hainbat ekintza “modu bisual batean” ikusteko aukera izango dute, hala nola, hirigunean zero emisioko garbiketa eremu bat ezartzea, makinaria elektrikoa jartzea, garbiketa-flota berritzea, babesleku klimatikoen sarea sortzea eta gaueko zerbitzua kentzeko eta inpaktu akustikoa murrizteko hondakinen bilketa berrantolatzea. Horrez gain, beste ekimen batzuk ere barnebiltzen ditu, Eko Puntu Mugikorraren funtzionamendua, hondakin berezi eta handien bilketaren indartze eta udal-zerbitzun eraginkortasuna handitzeko tresna berrien ezarpena, adibidez.