36ko gerraren 90. urteurrena gogoratzeko, Joseba Tapiaren musika eta Amagoia Gurrutxagaren hitzak
36ko gerra gogora ekartzeko asmotan, Eako Hea Kultura Elkarteak barikuan [uztailak 17] Joseba Tapiaren kontzertua eta zapatuan [uztailak 18] Amagoia Gurrutxagaren hitzaldia antolatu ditu. Tapiak, besteren artean, 'Agur Intxorta Maite' diskoko abestiak joko ditu, eta Gurrutxagak 'Eskelak, eskolak, oskolak' hitzaldia eskainiko du.
90 urtek askorako eman dezakete, baina ezer gutxi emango dute gertatutakoa isilean gorde izan bada. Hain zuzen ere, zapatuan [uztailak 18] 90 urte beteko dira 36ko gerrak eztanda egin zuenetik, eta Eako Hea Kultura Elkarteko kideek herritarren memoriak astindu eta gogora ekarri nahi izan dituzte orduko bizipenak. Beldurragaz nahiz bestelako hamaika zigorrekin mehatxatuta, garai haiek bizi izan zituzten askok isilpean mantendu izan zituzten lehen pertsonan bizitakoak nahiz etxean jasotakoak, eta horiek argitara ateratzeko asmotan aritzen dira lanean Heako kideak. Hala, istorio horietako batzuk ezagutzeko hurrengo aukera bariku eta zapatu honetan [uztailak 17-18] egongo da, Ean.
Barikuan [uztailak 17] Joseba Tapiak emango dio hasiera egitasmoari, 20:00etan, Eako frontoian. Alde batetik, Agur Intxorta Maite diskoko abestiak entzuteko aukera egongo da, 36ko gerrari buruz idatzitakoak: “1936-37ko gudaz bagenuen kronika ederrik, bagernuen argazkirik, bagenuen filmerik, baita afitxa edo kartelen bildumarik ere… Bagenuen, funtsean, iruditeria bat. Baina iruditeria hori mutua zen. Eta ereserki bakarra genuen: Eusko Gudariak. Noizbait, erresistentzia berriak heldu ziren, eta borroka haiek kantu berriak sorrarazi zituzten, Eusko gudariak baino ez zen jaso gure herriaren 1936-37ko erresistentzia antifaxistatik. Kanturik gabeko guda izan dugu 1936-37koa. Harik eta Joseba Tapiak diska hau egin zuen arte”.
Bestetik, berezitasun bat ere izango du Tapiaren emanaldiak: 36ko gerrako bizipenetan bete-betean murgiltzeko aukera eskaintzeaz gain, bertoko zenbait istoriori ere tokia egingo diote. Izan ere, Heako kideek Eako Larrinagatarren ganbaran aurkitu zuten bertso anonimo batzuekin sortutako abesti bat ere joko du: “Teruelgo borrokaren bertsoak du izena Larrinagatarren ganbaran aurkitutako dokumentuak, eta gudari baten bizipenak kontatzen ditu. Hotzak hilda dagoela, urtarrila dela, milaka hildako daudela, ez dakiela zer gertatuko den… Gerraren inguruko oso-oso deskribapen ona egiten du, eta Tapiari bertso horiek musikatzeko eskatu genion”.


‘Teruelgo borrokaren bertsoak’ dokumentua, Eako Larrinagatarren ganbaran aurkitutakoa.Hea Kultura Elkartea
Tapiaren musikari Amagoia Gurrutxagaren hitzaldiak emango dio jarraipena, zapatuan [uztailak 18], 12:00etan, Eskolondon. Eskelak, eskolak, oskolak hitzaldia emango du Gurrutxagak: “Normalean beti kontatu izan da dena gizonen ikuspuntutik, eta gizonak asko sufritutakoak izan dira, noski, baina baita emakumeak eta umeak ere. Ez dugu alde bateko kontakizuna soilik onartzen”. Horregatik, 36ko gerrako emakumeen bizipenak jaso eta zabaltzeko asmoz aurten antolatu dituzten beste zenbait hitzaldiren jarraipena izango da Gurrutxagarena; aurretik Cira Crespo eta Samara Velteren hitzaldiak eduki zituzten.
Gurrutxagak galdera bat luzatuko die bertaratzen direnei: “Zu non zinen 1936ko uztailaren 17-18an? Galdera bat baino ez da, baina hamaika erantzun jaso ditzake. Eta hamarkadetako mututasua zartatzen lagundu”. Hala, Heako kideek mututasun horrekin apurtu, eta gertatutakoak ikusarazi nahi dituzte: “Francok irabazlearen historia inposatu zigun, eta 90 urtetan ez dugu besterik entzun. Beldurraren eraginez familia barruan ez da kontatu izan gertatutakoa, eta gure helburua ez da irabazlearen historia kontatzea, aipatu ere ez ditugu egingo. Gure interes handiena da modu kolektiboan nahiz pribatuan gerra sufritu zutenak eta zigorrak, umiliazioak eta depurazioak sufritu zituztenak, banan-banan ikusaraztea eta hainbat urtetan ahotsik izan dutenei ahotsa ematea”.
Isiltasuna garrasika. Halako egitasmoek isilarazitako horiekin gizarteak duen zorra kentzeko bide bat eskaintzen dutela uste dute, eta beraz, bi ekitaldietara bertaratzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei nahiz inguruko bizilagunei: “Egiten dugun lana daukagun zorra kentzeko modu bat da. Nahiz eta transmisioa debekatuta egon den, bakoitzak bere etxean bai sentitu izan du min hori, zauri gogor horiek. Batzuetan mututasuna transmititu arren, isiltasunak berak garrasi egiten zigun barrutik. Irabazleek isiltasuna inposatu eta gainontzekoek beldurra hezurretaraino gordeta eduki dute, baina hala ere, transmisio hori heldu da guregana. Eta pentsatzen dugu hori ezin dela hor amaitu, zauri hori atera egin behar zela. Guk gure historia kontatu nahi dugu, izan ere, kontakizun hauek gure historia hurbileko pasarte lazgarriak dira”.