Ibarrangeluko Udalak Jon Kepa Etxebarriari aitortza egin dio
Jon Kepa Etxebarria Ibarrangeluko omenaldira bertaratu zeneko talde argazkia. Argazkia: Ibarrangeluko Udala. Jon Kepa Etxebarria busturiarra hil da, eta Ibarrangeluko Udalak oroimen historikoaren erreferente eredugarri gisa gogoratzeko aitortza egin gura izan dio. Hala nola, euskal armadako marinel baten semea izateaz gain, Matxitxako Elkarteko partaide izan zen Etxebarria, besteren artean, eta hori aintzat hartuz, udal ordezkariek jakinarazi dute, egunez egun Etxebarriaz gogoratzeaz gain, “bereziki urtero martxoaren 5ean” gogoratuko direla berataz, Euskadiko Itsas Armada Laguntzaileko kideen eta elkarteko partaideen omenaldian.
Izan ere, Ibarrangeluko herriak urtero gogoratzen du Matxitxakoko batailaren urteurrena Akorda auzoan; 2011an hil zen Bou Nabarra ontziko Juan Telletxea marinelaren omenezko monolitoaren ondoan biltzen dira herritarrak, itsas gudariak omentzeko asmoz. Udalak, gainera, Domingo Urrutxua Bou Bizkaia ontziko makinista eta Euskal Itsas Armadako tripulazioko marinel oro ere oroitu nahi izaten ditu egun horretan egiten duten lore-eskaintzan.
Udaletik azaldu dute 2014 eta 2015. urteetan Etxebarria bera ere bertaratu zela urtez urte ibarrangeluarrek egutegietan gorriz markatuta duten egunera, bere emazte eta alabarekin batera. “Beti eskertuko diegu haien presentzia eta itsasoko gudarien oroimenaren alde egindako lana”, nabarmendu du Jesus Mari Ziluaga alkateak.
Ze, gogoratu du Ibarrangeluko herriak bere seme-alabei abataila hartako protagonisten izenak erakusteko konpromisoa hartu duela, eta argi eta garbi Etxebarria izendatu du horretan: “Gaur esan dezakegu Jon Kepa Etxebarriak modu eredugarrian bete duela misio hori. Ez zaitugu ahaztuko. Eskerrik asko Ibarrangeluko herriaren izenean”.