Foruko Udalak argiteria berritzeko lanak hasi ditu
Herriguneko argiteria berritzeak LED teknologia ia udalerri osoan zabaltzen jarraitzea ahalbidetuko duela eman du jakitera Foruko EAJk. Hala nola, Atxeta, Askatasun Bidea, Dantzarien Plaza, Kultur Etxea eta Futbol zelaiko argiteria berritzean oinarrituko da jarduketa.
Argazkia: Foruko Udala. Foruko Udalak Atxeta, Askatasun Bidea, Dantzarien Plaza, Kultur Etxea eta Futbol zelaiko argiteria berritzeko lanak hasi direla jakinarazi du. Horrela, Foruko EAJtik “eredu energetiko eraginkorrago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko hartu duen konpromisoa” balioan jarri nahi dute. Gainera, aurreratu dute herriguneko argiteria publikoa berritzeak “LED teknologiaren ezarpena udalerri ia osora zabaltzea” ahalbidetuko duela.
Esku-hartzeak udal estrategia energetikoaren baitan “urrats erabakigarria” suposatzen duela kontuan hartuta, herritarrekin hartutako konpromisoan aurrera egingo dutela adierazi dute EAJtik. Halaber, alderdi jeltzaleak gogorarazi du azken urteetan udalerriko argiteria berriztearen inguruko prozesu garrantzitsua gauzatu dela, eta argi esan dute legealdi honetan “aurrerapauso sendoak” eman direla herrigunean.
Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketarekin, proiektuak 102.736,02 euroko inbertsioa suposatuko duela azaldu dute, eta hiru hilabeteko exekuzio-epea aurreikusten dute lanok gauzatzeko. Nabarmendu dute, bestalde, jarduketa hau “energia-politika integral baten parte” dela, horren xede nagusia argiteria publikoan zein udal eraikinetan energia-kontsumoaren analisia eta murrizketa egitea izanik.
Gauzak horrela, jeltzaleek balioan jarri dituzte, besteak beste, energia berdearen kontratazioa, udal eraikinetan autokontsumorako sistema fotovoltaikoen instalazioa edota ibilgailu elektrikoentzako karga-puntuen ezarpena bezalako ekimenak, eta argitu dute horiek direla Forua “jasangarritasunean erreferente” bihurtzen duten ekimenak.
Beraz, pauso sendoak ematen ari dela esan du Foruko EAJk: “Eredu energetiko eraginkorrago eta jasangarriago baten alde hartutako konpromisoa betetzeko bidean aurrerapausoak ematen jarraitzen dugu. Jarduketa honek argiteria publikoa hobetzen jarraitzea ahalbidetzen du, energia-kontsumoa murriztuz eta foruarren bizi-kalitatea hobetzen lagunduz”.