Foruan aurkitutako zeramika zati bateko gladiadore-eszena bat gehitu dute Arkeologia Museoan
Irailaren 30era arte egongo da ikusgai Bizkaiko Foru Aldundiko Arkeologia Museoan Foruko aztarnategi erromatarrean aurkitutako azken pieza: dragendorff 37 tipologiako ontzi baten gorputzaren pieza.
Foruan aurkitutako pieza. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia. Dragendorff 37 tipologiako ontzi baten gorputzaren pieza aurkitu dute Foru aztarnategi erromatarrean. Bizkaiko Foru Aldundiko Arkeologia Museoan ikusi ahal izango da pieza hori irailaren 30era arte, jakinarazi dutenez. Izan ere, funts arkeologiko bereziak azpimarratzen dituen Museoa Aztarnaz Aztarna programari gehituko zaio aurkikuntza berria.
BFAtik nabarmendu dute aurkituako piezaren moduko ontziak, terra sigillata dekoratuzkoak, alegia, arrautza-friso baten azpian kokatutako metopez apainduta daudela: “Metopa horietako batean, bi gladiadoreren arteko borroka-eszena aparta kontserbatu da, gure lurraldeko aurkikuntza arkeologikoetan oso ohikoa ez den irudikapen bat”.
Adituen ustez, piezan irudikatutako borrokalarietako bat retiarius bat izan liteke, hau da, sarearekin borrokatzen zen gladiadorea. Nahiz eta haren ezaugarri bereizgarriena den sarea irudian ageri ez den, jakina da denboraren poderioz retiarius batzuek tresna hori erabiltzeari utzi ziotela. Bestalde, ez dirudi eskuetan daraman arma ohiko hiruhortza denik; aitzitik, lantza baten antza handiagoa du. Aurkaria, berriz, thraex motako gladiadorea izan liteke, traziarren erara hornitutakoa. Hipotesi hori hainbat elementutan oinarritzen da: albo-luzangak eta gandor apaindua dituen kaskoa, parmula edo armarri txikia, berna-babesak eta sica izeneko ezpata kurbatua, gladiadore mota horren ikur nagusietako bat.
Terra sigillataren balio artistiko eta kulturaletik harago, interes zientifiko dezente ere badauka piezak. Hala nola, haren formek, dekorazioek eta lantegi-zigiluek posible egiten dute testuinguru arkeologikoak zehaztasun handiz datatzea, BFAtik adierazi dutenez.
Gainera, gehitu dute Foruan horrelako materialak egoteak agerian jartzen duela kokagunea Erromako dinamika komertzial eta kulturaletan integratu zela, eta bide batez, harremanak izan zituela inperioko hainbat lurralderekin.
Foruko aztarnategia, erreferente
Gauzak horrela, Foruko aztarnategi erromatarra, Bizkaiko Foru Aldundiaren hitzetan, Bizkaiko erreferente arkeologiko nagusietako bat da, batik bat, “Erromak lurraldean izandako ezarpena ulertzeko”. “Azken hamarkadetan egindako indusketek lurrazalera ekarri dituzte eraikinak, etxe-egiturak, lantegi metalurgikoak eta material arkeologikoen bilduma handi bat; besteak beste, zeramikak, txanponak eta eguneroko erabilerako objektuak, K.o. I. eta IV. mendeen artean datatuak”, azaldu dute.
Horregatik, BFAko Arkeologia Museoko bildumetako pieza singularrak jendeari ezagutarazteko eta Bizkaiko ondarearen inguruko jakintza zabaltzeko asmoz, uda ostera arte egongo da Foruan aurkitutako azken pieza ikusgai, museoan bertan.