Martin eta Rey, Bizkaiko Txapelaren jabe
Bizkaiko Lokotx Biltze Txapelketa lehiatu dute gaur goizean, Gautegiz Arteagan. Gizonezkoetan Aritz Martinek jantzi du txapela, eta emakumezkoetan Ainize Reyk.
Beste urte batez, Gautegiz Arteagako pilotalekua Bizkaiko Lokotx Biltze Txapelketaren testigu izan da. Emakumezko eta gizonezkoen lehiak hartu ditu udalerriko frontoiak, oro har, Bizkaiko Herri Kirol Federazioak eta Gautegiz Arteagako Udalak antolatuta.
Horrez gain, harri jasotze modalitateko emakumezkoen openaren jardunaldia ere ospatu da, Getxoko klubeko Isabel Vives eta Marina Cifuentesen eskutik. Gainera, trontza zein lasto jasotze erakustaldiak ere eskaini dituzte goizean zehar. Ainize Perez-Iraitz Idoeta eta Iradide Gezuraga-Oiane Gonzalez bikoteak aritu dira, alegia, trontzan, eta Bingen Erleagaren esku gelditu da lasto jasotze saioa.
Lokotx Biltze txapelketan txapela izan dute jokoan kirolariek, eta gizonekoen lehian Piratak Herri Kirol Taldeko Aritz Martinek jantzi du txapel hori, 6 minutu eta 41 segundoko denboragaz. Bere atzetik, udalerriko alkate den Patrik Saituak eskuratu du bigarren postua, 6 minutu eta 54 segundoko denbora poltsikoratuz. Eñaut Lertxundi izan da, azkenik, podiuma borobildu duena; 7 minutu eta 24 segundoko denbora lortuz, hirugarren postua lortu du ondarrutarrak.
Emakumezkoen lehian, ordea, Aupada Herri Kirol Taldeko Ainize Rey izan da norgehiagokan arinen aritu dena. 8 minutu eta 27 segundo behar izan ditu lokotx guztiak biltzeko, eta denbora hori nahikoa izan da podiumeko lehenengo postua eskuratzeko. Bigarren postua Getxo Herri Kirol Taldeko Naia Ardeorentzat izan da, 9 minutu eta 15 segundoko denboragaz. Eta talde bereko kirolariak lortu du, azkenik, hirugarren postua. Leire Larrazabalek, 9 minutu eta 23 segundoko denboragaaz.