Bizkaiko Foru Barriaren 500 urteak ospatzeko ibilbide historiko bereziak prestatu dituzte
Foru Berriaren 500. urteurrenaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak ibilbide historikoen aldi berezi bat aurkeztu du gaur [uztailak 20] Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Besteren artean, Bilbotik Bermeora egiten zen Zin Bidea egiteko aukera egongo da.
Bizkaiko Lurralde Historikoaren Foru Barriak bost mende bete ditu aurten, eta hori aitzakiatzat hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak ibilbide historikoak formaz aldatuta dakartza. Gaur [uztailak 10] egin dute aurkezpena Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, eta bertan egon dira Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Diputatua, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Gotzon Gomez Gerediaga Elkarteko lehendakaria, Leire Irazabal Euskal Herria Museoko zuzendaria eta Javi Barrio Enkarterriko Museoko zuzendaria.
Guztira hiru dira aurkeztu dituzten ibilbideak, eta sarrerak eskuragarri daude jada ibilbidehistorikoak.eus webgunean 5 euroren truke (16 urtetik beherakoentzat, doan). Busturialdeari dagokionez, Zin Bideari buruzko ibilbide historikoa egin ahalko da uztailaren 29an eta irailaren 26an euskaraz, eta uztailaren 28an eta irailaren 25ean, gaztelaniaz; autobusez egingo dute ibilbidea. Hala, Bizkaiko jaun-andreek edo haien ordezkariek Bilbo eta Bermeo artean egiten zuten bidea ezagutu ahalko da: “Zin egitea egintza solemnea zen, eta jaunaren eta bizkaitarren arteko ituna irudikatzen zuen”. Zamudioko Ate Zaharrean hasi eta geldialdiak egingo dituzte Larrabetzuko Goikolexeako zin-elizan, Gernikako Batzar Etxean eta Bermeoko Santa Eufemia elizan.
Aukeran egongo den bigarren ibilbidea Enkarterrietako Museoan hasiko da, eta 1526tik 1700era bitartean Bizkaiko Foru Berriak Enkarterrietan izan zuen eragina ezagutu ahalko da. 1576an Enkarterriek Bizkaiko Foru Berria onartzearen ondorioak. Lege berdinketa eta lurralde integrazioaren lehen prozesuak hitzaldiagaz hasiko da saioa, eta ostean ibilbide kultural bat egingo dute: Abellanedako Batzar Etxea bisitatuko dute lehenengo, eta jarraian Gordexolara joango dira autobusez. Bertan, ibilbide bat egingo dute Zubietako galtzada historikotik, eta baserri, dorre eta jauregi adierazgarriak ikusi ahalko dira. Gordexola atzean utzita, San Joan de Molinar Bataiatzailearen elizan amaituko dute ibilbidea. Ibilbidea uztailaren 22 eta 23an eta irailaren 23 eta 24an egiteko aukera egongo da.

Azkenik, hirugarren ibilbidearen erdigunea Durangaldea izango da: eskualdearen nortasun historiko eta politikoa ezagutzeko aukera eskainiko dute. Ibilbidea autobusez egingo dute, eta Abadiñoko tren geltokiaren aurretik abiatuko da, Momoition, Garain, Gerediagan eta Astolan geldialdiak eginez. Hiru orduko ibilbidea izango da: “Momoition gure lehenengo erakundeen lekukoa ezagutuko dugu: gaur arte heldu diren kofradiak. Garain, elizateen jatorria eta antolaketa azalduko ditugu. Gerediagan, Durangoko merindadeko elizateen ordezkarian biltzen ziren Batzar Nagusietan, eta hamabi elizateek osatutako antolakuntza berezia ikusiko dugu. Eta Astolan, justizia administratzen zuen auzitegiaren funtzionamendua ezagutuko dugu”. Hala, euskarazko saioak uztailaren 19an eta irailaren 20an izango dira, eta gaztelaniazkoak, uztailaren 26an eta irailaren 27an.
Atzera begiratzeko aukera. Arrizabalagak adierazi duenez, ibilbide hauek “atzera begiratzeko aukera” emango diete herritarrei: “Gure memoria historikoa erdigunean jarrita, hobeto ulertuko dugu Foruek zer-nolako garrantzia izan duten Bizkaiko autogobernuaren oinarri gisa”. Foruak “gaurkotasun handiko ondare bizia” direla nabarmendu du: “Mendeetan zehar eskubideak eta antolatzeko modu propioak gordetzea ahalbidetu dute, eta gaur egungo Bizkaia hobeto ulertzen laguntzen digute”.
Otaduik Bizkaiko Batzar Nagusien izenean hartu du hitza, eta ekimen “oso-oso berezia” dela adierazi du. Ibilbide historikoak ez direla “kultur aisialdiko eskaintza huts bat” aldarrikatu du: “Ibilbide hauen bitartez, funtsezko mugarri bat eraman nahi dugu herritarrengana, gure historia kolektiboaren muinetako bat: Bizkaiko Foru Barriaren 500. urteurrena. Eta, horrekin batera, balioa eman nahi diegu zin-bideei eta hiru Batzar Etxeei: Gernikakoa, Gerediagakoa eta Abellanedakoa”.