Bost mendeko bideari "aitortza"
Bizkaiko Batzar Nagusiek 19526an onartutako Bizkaiko Foru Berriaren 500. urteurrena ospatzeko ekitaldian elkartu dira gaur goizean [maiatzak 18] Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako agintari gorenak, Gernikako Batzar Etxean.
Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia Bizkaiko Batzar Nagusiek duela bost mende, 1526ko apirilaren 5ean, onartu zuten Bizkaiko Foru Berria, Bizkaiko zuzenbidea “eguneratu” zuen testua. Efemeride hori ospatu asmoz, Gernikako Batzar Etxean bildu dira gaur [maiatzak 18] Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako agintari gorenak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Imanol Pradales Lehendakaria, buru. Foru Berria “zuzenbide testu bat baino askoz gehiago” izan zela gogoratu dute, autogobernuaren oinarria izateaz gain, Bizkaiaren izaera definitu zuelako eta “ohituretatik datozen erabileretan, zintzotasunean eta askatasunean” oinarritutako autogobernu-sistema bakarra sendotzea ahalbidetu zuelako.
1526an Foru Zaharra gaurkotzea erabaki zuten Gernikako arbolaren azpian, Bizkaian garai hartako europan ezohikoak ziren printzipioak ezarriz: bizkaitar guztiak berdinak ziren legearen aurrean, soldaduskaren nahitaezkotasuna ezabatu zuten eta torturak debekatu zituzten. Foru Berriak, gainera, emakumeei beste lurralde batzuetan ez zituzten eskubideak aitortu zizkien, hala nola, euren ondasunak kudeatzekoa edota oinordeko izatekoa. Izan zirelako gara lelopean, Bizkaiko Foru Berriaren onarpenak suposatu zuen “mugarri historikoa” gogoratu dute,” euskal autogobernuaren eta demokraziaren oinarria” dela aldarrikatuta. Itun instituzionala “berdintasunaren eta askatasunaren printzipioetan” oinarrituta onartu zutela nabarmendu dute, foru erakundeak gaur egun oraindik ere “balio horien zaindari” izaten duela berretsita.
Goizeko ekitaldian anfitrioi lanetan aritu diren Otadui eta Etxanobe izan dira hitza hartzen lehenak. Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariaren hitzetan, Foru Berriaren onarpenetik bost mende igaro badira ere, oraindik “aitortza” egitea beharrezkoa da. Omendutako ituna “aspaldiko testu juridiko bat baino askoz gehiago” dela adierazi du Otaduik, testu horretan jasotzen direlako gaur egungo autogobernuaren euskarri diren balio askoren jatorri historikoa: “Gurea zer den erabakitzea ez da berria, duela 500 urte ere gertatzen zen; legearen aurrean berdinak izatea ez da berria, duela 500 urte ere gertatzen zen; gure funts publikoak kudeatzea ez da berria, duela 500 urte ere gertatzen zen eta, pertsonen duintasuna babestea ere ez da berria, duela 500 urte ere gertatzen zen”.

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Foru Berriaren onarpenaren urtemuga iraganari nostalgiaz begiratzea baino, “bizkaitarren eskubideak babesten dituen arau eta printzipio askoren sorburuari aitortza” egitea dela nabarmendu du Otaduik: “Berretsi nahi dugu Batzar Nagusiok konpromiso sendoa dugula herritarren zerbitzurako den autogobernu bizi eta eguneratuagaz”. 1526ko testuak gaur egun Zuzenbide Estatuagaz lotzen diren balioak erakusten dituela azaldu du, gaur egun ere indarrean daudenak: “Berdintasuna legearen aurrean, askatasun pertsonalaren eta patrimonialaren defentsa, botereen mugaketa itundutako arauen bidez, berme prozesal aurreratuen existentzia eta emakumeak berdintasunez aitortzea dira, laburbilduta, jasotako balioak; guztiak ere garai horretan Europan oso ohikoak ez ziren alderdiak”.
Itunaren eta Gernikako arbolaren arteko lotura ere egin du Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, biek “elkartasuna, askatasuna eta demokrazia” ordezkatzen dituztelako: “Askatasunaren tradizio historikoak inspiratu egin behar gaitu gaur egun ere; ziurgabetasun egoeretan murgilduta gauden eta balio demokratikoak sendo defendatu behar diren sasoi honetan, gure historiak gogorarazten digu askatasuna, iturria eta giza duintasuna ez direla betirako konkistak, alderantziz, belaunaldiz belaunaldi defendatu beharrekoak dira. Horregatik, Foru Berriak esangura sakona du Bizkaiko Batzar Nagusien ikuspegitik”.
“Sistema bizia”.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak balioan jarri gura izan du Foru Berria, azken 500 urtetan munduko herri eta lurraldeetan “lurbira osoa goitik eta behera” eraldatu duten milaka gauza gertatu badira ere —inperioen erorketa, mugen aldaketa, hizkuntzen galera, erregimenen aldaketa…— itunak “bizirik” jarraitzen duelako: “Ez da museoko pieza bat bakarrik, sistema bizia da; gure iraganaren eta gure nortasun historikoaren funtsezko pieza da”. Izan ere, Foru Berriak duela 500 urte bizkaitarrek beraien buruak “hitzaren, kontrastearen eta akordioaren bidez gobernatzea” erabaki zutela islatzen du.
Gobernatzeko modu hori indarrean dagoen autogobernuagaz lotu du Etxanobek, oinarrizko historiko hori egungo errealitatearen isla delako eta egungo funtzionatzeko modu “espezifikoa” definitzen duelako: “Pertsona batek bere zergak Foru Ogasunari, eta ez Madrili, ordaintzen dizkionean, Foru Berriari esker egiten du. Aldundiak errepideak, gizarte-zerbitzuak edo enplegu-politikak kudeatzen dituenean, foru-sisteman jarduten du. Ekonomia Ituna eta foru-eskumenak hemen, Gernikan, orain dela 500 urte jorratu zenaren itzultzen garaikidea dira”, zehaztu du Bizkaiko Ahaldun Nagusiak.

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Hainbat gizaldi igarota, gaur, oinaztar eta ganboatarren arteko borrokari barik, gizartearen zahartzaroari, klima aldaketari, iraultza digitalari eta globalizazioaren desorekei erantzun behar die, besteak beste, Bizkaiak. Erronka horiei aurre egiteko bidean foru-espiritua “tresna bikaina” dela adierazi du Etxanobek: “Erabakimena, herritarrengandiko hurbiltasuna, fiskalitate arduratsua eta akordio kultura bat eskaintzen dizkigu”. Bizkaiko forua “ezaguna” izan da beti, baina bere bere agerraldian Gipuzkoaren, Arabaren eta Nafarroaren tradizio eta foru arauak ere gogoratu ditu ahaldun nagusiak, Euskal Herria historikoki “antzeko batasun politikoen komunitate politikoa” izan dela erakusten baitute: “Gure egungo autogobernua ez da ulertzen foru errai horiek gabe. Forua defendatzean euskal autogobernua defendatzen dugu”.
Iraganaz “harro”.
Pradales Lehendariarena izan da ekitaldia ixtearen ardura. Euskal Herriaren historian “argi ilunak” egon badaude ere, iraganari “harrotasunez” begiratzeko arrazoietan jarri nahi izan du fokua bere berbaldian: “Gaur egun garena, eta gaur egun daukaguna gure aurrekoei zor diegu. Kultura eta tradizio sendo batean katebegia gara. Pertsona eta elkarbizitza ulertzeko sakoneko herri ikuskera adierazten zuten gure foruek, giza duintasuna, askatasuna eta burujabetza zituzten ardatz”.
Demokrazia formalik ez zegoen garaian, bizkaitarrak eztabaidatzeko, erabakitzeko eta ordezkariak aukeratzeko arbola azpietan elkartzen zirela gogoratu du Lehendariak: “Ez zuten autonomiaz hitz egiten, baina haien lege eta usadioak irmoki babestu zituzten jauntxo eta erregeen aurrean; ez zituzten giza eskubideak aipatzen, baina berdintasun zibila ezarri zituzten: pertsona eta etxea bortxaezinak ziren. Ez zuten komunitatea edo justizia soziala aipatzen, baina elkartasuna eta auzolana betebeharrak ziren auzoetan, eta herri ondasunak erabiltzea erraztu zuten, hala nola, meategiak, basoak, errotak… Jasangarritasuna hitza ez zuten ezagutzen, baina natur baliabideen kudeaketa arduratsua bultzatu zuten hurrengo belaunaldietan pentsatuz. Lehiakortasuna edo nazioartekotzea ez zeuden haien hiztegietan, baina merkataritza askatasuna bermatu zuten. Bukatzeko, genero berdintasuna zer zen ziurrenik ez zekiten, baina emakumeek oinordekoak izateko edo negozioak izateko eskubidea zuten eta haien ondasunak babestuta zeuden”.

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Lehendakariaren iritziz, Foru Berriaren bosgarren mendeurrena ospatzea ez da iragana idealizatzea, aitortza egin eta euskal autogobernuaren “berezitasun historikoaren erabateko indarraldia berresteko” aukera baizik. Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foruen desagerpenetik 150 urte betetzen diren urtean, Pradalesek “itunerako espiritua, aldebikotasun eraginkora, berme sistema eta autogobernu politiko, ekonomiko eta fiskala” azpimarratu ditu. Lehendakariaren esanetan, Foru Berriak alde bakarreko indargabetzeak agindu ezineko eskubide historikoak ere egon badaudela ere erakutsi zuen. “Eskubide horiek eratzeko gaitasuna dakarte, eta euskaldunok horien aitortza eta eguneraketa defendatzen eta aldarrikatzen jarraitzen dugu”, berretsi du.
Pradalesek ondorioztatu duenez, euskal autogobernuaren eguneratzeak, erronka berriei erantzuteko gaitasun politiko berriekin, “aurrekoek gidatutako eredua” jarraitu behar du: “Zirelako erabaki zuten, eta erabakitzen zutelako ziren”.