Bermeo eta Gaztelugatxe arteko oinezko ibilbidea osatzen duen zubia inauguratu dute
Bizkaiko Foru Aldundiak inauguratu du Gaztelugatxe eta Bermeo kostaldetik lotzen dituen oinezkoen bideari jarraipena ematen dion Madari errekaren gaineko zubia. BFAk jakinarazi du 1,12 milioi euro bideratu direla jarduketara.
Nadia Nemeh eta Arantza Atutxa, inauguratu berri duten zubian. Bermeo eta Gaztelugatxe arteko oinezkoen bidea osatzen duen zubia inauguratu du Bizkaiko Foru Aldundiak gaur goizean: Madari errekaren gainean eraikitako zubia. Arantza Atutxa Lejarreta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru-diputatua eta Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea izan dira jarduketaren azken emaitza inauguratu dutenak, oro har. Atutxak, bere aldetik, inaugurazioa aurrerapausotzat jo du: “Bizkaiko naturgune berezienetariko bat zeharkatzen duen oinezkoentzako bidearen beste zati bat osatu dugu, herritarrei paisaian integratutako azpiegitura berri bat eskainiz”.
Izan ere, Gaztelugatxetik Matxitxako lurmuturrerainoko kostaldea inguratu ondoren, Sollubemendiko pinudian sartzen den bidezidorrean dago zubia, Erleko Puntako begiratokirantz begiratuz. Foru diputatuaren hitzetan, pasabide horrek “Madari errekaren gainetik ibiltzeko eta altuera horretatik basoaz eta egituraren azpitik doan ibilguaz gozatzeko” aukera ematen du.
70 metroko luzera eta bi metroko zabalera ditu azpiegiturak, eta nabarmendu dutenez, errekatik 20 metro inguruko alturan kokatzen da. Bizkaiko Foru Aldundiak 1.123.618,45 euroko inbertsioa egin du jarduketan, eta Europako Next Generation funtsen finantzaketa izan dutela gaineratu dute. Obra, gainera, 2024az geroztik egon da martxan, eta Atutxak azaldu duenez, obrak egiteko fasean euskarrietako baten zimenduak indartu behar izan ziren, aurreikusi gabeko zailtasun geoteknikoak zirela medio: “Horren ondorioz, hasierako soluzioa aldatu behar izan genuen, eta horrek azaltzen du zergatik handitu den aurrekontua, adjudikazioan aurreikusi zenarekin alderatuta”.
Atutxak argi esan du oinezkoentzako konexioa hobetzea ahalbidetzeaz gain, pasabide berria horrek natura-ingurunea babesten duela. “Aukeratutako soluzioak bateragarri egiten ditu eremuaz gozatzea eta Bizkaiko ingurumen-enklabe baliotsuenetako bat kontserbatzea”, esan du.
Natura babesteko
Bizkaiko Foru Aldundiarentzat, gainera, ingurumen-balio handiko ingurunea errespetatuko duen pasabidea eraikitzea “erronka” izan dela ziurtatu du: “Madari erreka Urdaibaiko Ibai Sarearen Kontserbazio Bereziko eremuan dago, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan. Horregatik, ibilguan euskarririk jarri ez duen eraikuntza-soluzio bat aukeratu dugu”. Hala nola, egitura osoa bi ertzetako muturretan bermatuta dago, eta naturagune babestuaren gaineko eragina “ahalik eta txikiena” izatea saiatu direla aipatu dute.
Gainera, elementu aurrefabrikatuak erabili dituzte jarduketarako, eta horrek lana errazteaz harago, obrek ingurunean izan duten inpaktua “murriztea” ahalbidetu du. Pasabideak, hain zuzen, egurrezko zoladura eta Corten altzaiuzko baranda marroiak ditu. Azpimarratu dutenez, altzairu mota horrek “tratamendu gehiegirik behar izan gabe” euriari eta hezetasunari “ondo” eutsiko dio.
Bermeoko Udala, “pozik”
Gauzak horrela, Nemeh “pozik” agertu da hainbeste denbora igaro ostean herritarren eskaera bete delako: “Duela urte askotako prozesu parte hartzaile batetik sortu zen ideia. Herritarrek beharrezkoa ikusten zuten Bermeo eta Gaztelugatxe batzen zuten bidea osatzea, eta gaur, hainbeste urte eta gero, emaitza nolakoa izan den ikustea itzela da. Bermeoko Udaletik, beraz, oso pozik gaude emaitzarekin”.