Udalerriaren historia islatuko duen horma irudia margotuko dute Errenterian
Arteskolako bi ikasleek formatu handira eramango dute Julen Munitisek egindako diseinua. San Bartolome jaietarako amaituta egotea aurreikusten dute.
Julen Munitisek egin du muralaren diseinua.Gernika-Lumoko Udala Gernikako Arteskolako bi ikasleek “udalerriaren historiari, ondareari eta nortasunari omenaldia” egingo dien murala margotuko dute Errenteria auzoko fatxada batean. Julen Munitis Arteskolako presidenteak egin du diseinua. Lanek gutxi gorabehera bi hilabete epean eginda egotea aurreikusten dute; alegia, Errenteriako San Bartolome jaiak iristerako.
Gernika-Lumoko Udaletik jakinarazi dutenez “laster” hasiko dira esku-hartzeagaz. Horma irudia Mertzede Ikastetxetik ikusi daitekeen etxebizitza baten alboko fatxadan egingo dute eta 225 metro karratu hartuko ditu —15 metroko zabalera eta 17 metroko altuera—.
Muralak Gernika-Lumoko historia modu bisualean berreskuratzea ahalbidetuko duela nabarmendu du Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak: “Horma-irudi honi esker herriaren historiaren zati garrantzitsu bat berreskuraturatuko da; gainera, bertoko talentua erabiliz egingo da”. Udalerriko espazio publikoek “nor garen eta nondik gatozen adieraztea” nahi dute, eta horma-irudia ingurua “edertzeko” modu bat izateaz gain, “nortasun kolektiboa indartzeko” modua ere badela uste du alkateak.
Munitisen sorkuntza tamaina handiko artelan bihurtzea artea espazio publikoan integratu eta sorkuntza herritarrengana hurbiltzeko udal estrategiaren barruan kokatzen dela argitu dute udaletik. Era berean, tokiko artistei formatu handiko proiektuetan parte hartzeko aukera eskaintzen diela azpimarratu dute.
Horma irudia “aberastasun sinboliko handiko” konposizio artistiko baten emaitza izango da, ikuslea udalerriko historian zehar bidaiatzera eraman nahi duena. Izan ere, aukeratutako diseinuak antzinako Errenteria itsasadarrari lotutako merkataritza gune gisa islatuko du, hiribilduaren lehen hiriguneak gogora ekartzen dituzten eraikuntza historikoak dira artelanaren oinarri izanik. Diseinuak, gainera, Gernika-Lumoren “nortasunaren elemenu adierazgarrieneko batzuk” bilduko dituela iragarri dute, hala nola, jantzi tradizionalez jantzitako emakume baten figura, lurraldearen sinbolo den zuhaitza eta ondare histpriko eta kulturalari erreferentzia egingo dioten keinu ezberdinak.