Kultura sustatzeko diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu dute
Eskaerak egiteko epea irailaren 25a [barikua] bitartean egongo da zabalik.
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak udalerriko kultur taldeak laguntzeko diru-laguntzak emango dituela iragarri du. Deialdia honen bidez kulturarekin zerikusia duten irabazi asmorik gabeko hainbat jarduera eta programa egiteko laguntza eman gura dute. Eskaerak egiteko epea irailaren 25a [barikua] bitartean egongo da zabalik: dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da, kultur etxera bertaratuta edota ke.idazkaritza@gernika-lumo.eus helbide elektronikora mezu bidez bat bidalita.
Diru-laguntzaren helburu nagusia udalerriko kultura esparruan “sormen kulturala eta zerbitzu eskaintza sustatu eta egonkortzea” da. Laguntza emateko prozedura baina, “norgehiagokoa” izango dela argitu dute: “Prozesura horren bidez, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira diru-laguntzak, eskabideen arteko erlazioa ezartzeko”.
Lagunduko diren taldeak aukeratzeko orduan kontutan hartuko dute, besteak beste, proposamenean edo jardueran “zeharkako balioei emandako tratamendua”, hala nola, euskara eta euskal kultura bultzatzea, genero-ikuspegia txertatzea eta hizkuntzaren eta irudiaren erabilera ez sexista erabiltzea. Programaren interesa ere baloratuko dute, programaren kalitatearen eta interesaren ikuspegitik. Gainera, “funtsezko faktorea” den kasuetan 2030 Agendan definitutako Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorren begiratuko da.
Eskaera orria eta diru-laguntzak jasotzeko bete beharreko baldintza guztien inguruko informazioa Gernika-Lumoko Kultur Etxearen webgunean eskuratu daitezke.